Demokraziaren Berrikuntza jardunaldiak: Itxiera jardunaldiko kronika Arantzazutik
Iritsi da, bada, Demokraziaren Berrikuntzarako Jardunaldien azken eguna. Hirugarren egunean demokrazioaren berrikuntzarako diseinuaren inguruan sakontzeko abagunea eskaini dute jardunaldiek, diseinu eta egitasmo desberdinak ezagutzeko aukera eskainiz. Demokrazioa deliberatiboa, gizartearen aktibazioa eta gobernuen eraldaketa izan dira azken eguneko hari eroaleak.
Abiatu gara erronketan oinarritutako berrikuntzarekin Australiako Berrikuntza Sistemikorako Griffith Zentroko Ingrid Burkett-en eskutik. Bere hitzetan demokrazia mota berri bat gehitu behar dugu. Berrikuntzaren demokratizazioaren inguruko demokrazia bat da, demokrazia generatiboa bezala izendatu duena.
Eguneko bigarren hitzaldian, Arantzazulab-eko zuzendari zagusia Naiara Goiaren hitzartzea izan dute jardunaldiek ‘Demokrazia deliberatiboa, gizartearen aktibazioa eta gobernuen eraldaketa”ren inguruan. Besteak beste, bere hitzaldian azpimarratu du Arantzazulab-ek herritarren batzarra sustatu nahi zuenean gure gobernantza-sistemetan modu iraunkorrean txertatzea zuela helburu.
Atsedenaren ondoren, hiru dinamika interaktibo paralelo eskaini dizkigu eguneko egitarauak, Ane Miren Valenciano Arantzazulab-eko proiektuen kudeatzailearen eskutik. Hiru hari mahaigaineratu dira: berrikuntza sistemikoa, berrikuntza publikoa eta erakundeen eraldaketa eta demokrazia deliberatiboa.
Batetik, berrikuntza sistemikoaren inguruan sakondu du Berrikuntza Sistemikorako Griffith Zentroko Ingrid Burkett-ek. Berrikuntza sistemikoa ahalbidetzeko egiaren markoa bakarra ez kontsideratzea proposatu du: markoa eraikitzeko jendeak bere kontestura eramatea azpimarratu du, berriz ere markora ekartzeko, modu interaktiboan.
La 27e Region-eko Stéphane Vincent-ek berrikuntza publikoaren inguruan aritu da: bere lana eraldaketa sustatzeko prozesuak sortzean datzala nabarmendu du, gobernutik eta politikariengandik, barrutik. «Berrikuntza aspergarria» bezala izendatzen dutena.
Demnext-eko Claudia Chwalisz eta UPV/EHUko Parte Hartuz taldeko kide Igor Ahedok demokrazia deliberatiboa izan dute mintzagai. Claudiak mundu mailan olatu deliberatibo global erraldoia dagoela azpimarratu du, eta ohartarazi du boterearen aldaketa egin dadin aldaketa egonkorrak sortzeko lan egiten dutela. Bere aldetik, Igorrek demokrazia deliberatiboaren alderdi positiboak aipatzeaz gain, erronka batzuk mahaigaineratu ditu, mugimendu sozialekin konektatzeko beharrarena, besteak beste.
Egunari amaiera emateko, Gobernuen eraldaketarako eta berrikuntzarako, eta gizartearen aktibaziorako egiten ari diren tokiko esperientziak ezagutu ahal izan ditugu Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak dinamizatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako Foru Diputatua Irune Berasaluzek erronketan eta misioetan oinarritutako berrikuntza izan du hizpide. Ardura partekatutik komunitatea indartzearen garrantziaz aritu da eta hor Arantzazulabek duen zeresana jarri du agerian.
Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendaria Asier Aranbarri Euskadi 2030 estrategia azaldu du. Proiektuak partekatzearen bidea nabarmendu du, eta egituratuta eta egituratuta ez dagoen gizartearekin konektatzeko ezinbesteko saiakera egitea. Bestalde, Kutxako Fundazioko zuzendari nagusia Ander Aizpuruak Hitzetatik Ekintzetara egitasmoa balioan jarri du eta tokiko esperientzietatik ere ereduak eta ikasketak erauzteko gonbita luzatu du.
Azkenik, Oñatiko alkatea Izaro Elorzak tokiko erakundeen esperientzia izan du langai. Tokiko administrazioek herritarrekin duten lankidetzazko praktikak aipatu ditu, baita tokiko administrazioek herritarrekin loturak egiteko baldintza egokiak dituztela ere. Hala ere, tokiko administrazioek baliabideetan mugak dituztela gogorarazi du.
Kanadako Reos Partners-eko Adam Kahaneren laburpenarekin eman zaie itxiera jardunaldiei. Adamek lau hitz iradoki ditu hizkuntza komun bat eraikitzeko erronka konplexu hauetan lan egiteko: ingelesezko “holon” (sistema baten zati identifikagarri bat, eta, aldi berean, mendeko zatiz osatutako sistema bat), ingelesezko “agency” (egiteko gaitasuna), partaidetza eta elkarrekikotasuna.
Demokraziaren Berrikuntzarako Jardunaldiek, hiru egun trinkoetan zehar, inspiraziorako elementu, hausnarketarako hari-mutur, begirada interesgarri, hamaika galdera eta lankidetzarako bide anitz zabaldu dizkigute Demokraziaren Berrikuntzarako Jardunaldiek.
Segi dezagun esperimentatzen bide berriak!