Demokraziaren berrikuntza: nazioarteko begiradak eta guretik ekarpenak
Aste aberatsa izan dugu Arantzazulab-en ekainaren 23tik eta 27ra bitartean; izan ere, murgilduta ibili gara: askotariko egitasmoen ikasketen hausnarketan, nazioarteko konexioen eraikuntzan, eta oro har, demokraziaren berrikuntzari buruzko gogoeta partekatuan.
Ekainaren 24an, Michael Saward-ekin (Warwick-eko Unibertsitatea) lan saioa izan dugu. Ekainaren 25ean, EHUrekin batera sustatutako udako ikastaroa izan dugu:“𝗗𝗲𝗺𝗼𝗸𝗿𝗮𝘇𝗶𝗮𝗿𝗲𝗻 𝗯𝗲𝗿𝗿𝗶𝗸𝘂𝗻𝘁𝘇𝗮: 𝗭𝗲𝗶𝗻 𝗶𝘇𝗮𝗻 𝗱𝗮𝗶𝘁𝗲𝗸𝗲 𝗴𝘂𝗿𝗲 𝗲𝗸𝗮𝗿𝗽𝗲𝗻𝗮? 𝗡𝗮𝘇𝗶𝗼𝗮𝗿𝘁𝗲𝗸𝗼 𝗯𝗲𝗴𝗶𝗿𝗮𝗱𝗮 𝗲𝘁𝗮 𝗸𝗼𝗻𝘁𝗿𝗮𝘀𝘁𝗲𝗮”. Eta ekainaren 26an, Hélène Landemore-kin (Yale Unibertsitatea) lan saioa izan dugu.
Michael Saward adituarekin lan saioa
Ekainaren 24an Arantzazulab-en ekosistemako hainbat eragilerekin eta Michael Saward adituarekin batera lan saioa izan dugu. Michael Saward Politika eta Nazioarteko Ikasketetako irakaslea da Warwick-eko Unibertsitatean. Tasmanian sortua, Australian National University-n lortu zuen ohorezko gradua, eta Essex-eko Unibertsitatean doktoratu zen. 2012an Warwick-en hasi aurretik, Open University-n (bi aldiz Sailburu izan zen) eta Royal Holloway-n irakatsi zuen. Bere ikerketak teoria demokratiko garaikidean eta ordezkaritzaren kontzeptuan oinarritzen dira. Hainbat liburu argitaratu ditu, sari desberdinak jaso dituztenak: The Representative Claim, Democratic Design, Enacting European Citizenship, The Oxford Handbook of Politics and Performance eta 2024ko bi liburu berri editatu ditu. Egonaldiak egin ditu Mexikon, Brasilen eta Australian. Gaur egun, ideiek, garapenak eta ordezkaritzak demokrazian duten eragina aztertzen jarraitzen du.
Bere lanari buruz, gehiago ezagutu nahi izanez gero, hemen saiorako gomendatutako irakurketa, bere liburuaren ideia nagusiak laburbiltzen dituen testua.

Saio honetan Arantzazulab-en marko estrategikoaren, hurbilpenen eta egitasmoen gogoeta kolektiboa egin dugu. Halaber, oro har, Euskadin demokrazian sakontzeko eta komunitatea indartzeko askotariko eragileak egiten ari garen lanaz jarduteko aukera izan da, baita Michael Saward-en lana eta ekarpenak gertutik ezagutzeko aukera ere.
Saioan zehar hainbat galderari buruz hausnarketa egin dugu, besteak beste: Zer hartu behar dugu kontuan gure demokrazia indartzeko bidean oinarri sendo bat eraikitzeko? Zein aukera ikusten dituzu Euskal Herrian gure demokrazian sakontzeko? Eta nola ezaugarrituko zenituzke bidean aurkitu ditzakegun oztopo edo erronkak?
Goiz osoko saio aberatsaren ostean, ondorengo hiru ideiek izandako konbertsazioen ideia gakoak jasotzen dituzte:
1. Ordezkaritza.
Gaiarekin lotutako hainbat galderari buruz gogoeta egin dugu: benetan zer esan nahi du ordezkaritzak? Zein baldintza egon behar dira ordezkaritza esanguratsua izateko? Nor dira gure testuinguruan hautatu gabe ordezkatzen duten aktore nagusiak? Nork dauka zilegitasun demokratikoa? Eta nork hitz egiten du naturaren izenean Euskal Herrian?
2. Demokrazian sakontzeko eredu hibridoak.
Demokraziak pertsonen errealidadei erantzun behar die. Premisa horretatik abiatuta, saioak gune bat ireki du demokrazia berrirudikatzeko eta eredu hibridoen inguruan hausnartzeko. Horiek Saward-ek proposatutako “bigarren mailako ereduaren” esparruarekin egiten dute bat, edo, saioan berinterpretatu bezala, demokraziaren ikuspegi ezberdinen konstelazio batekin: ordezkatzailea, deliberatiboa, parte-hartzailea… Eredu horiek bereizita ulertu beharrean, elkar elikatzen eta osatzen duten ikuspegi interkonektatu gisa irudikatzen hasi gara.
3. Demokraziari buruzko hausnarketa diziplinartekoa sustatzea.
Gaur egun hutsune nabarmena dago demokraziaren praktikan sakontzeko. Saward-ek Euskal Herriko Demokraziaren Batzorde bat sortzea proposatu du: diziplinarteko foro bat, non demokraziari buruzko funtsezko galderak aztertzen jarraitu ahal izango dugun. Zer da guretzat demokrazia Euskal Herrian? Nola ari gara definitzen? Zein dira aipatu gabeko erronkak? Eta zein pizgarri ditugu demokrazian benetako ekarpena egiteko?
EHUrekin batera sustatutako Uda Ikastaroa
Ekainaren 25ean, “Demokraziaren berrikuntza: Zein izan daiteke gure ekarpena? Nazioarteko begirada eta kontrastea” uda ikastaroa egin dugu Gandiaga Topagunean, Arantzazulab-en egoitzan. Jardunaldiak 70 partaide inguru bildu ditu, eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatuak eman dio irekiera.


Jarraian, ikastaroaren zuzendariek, Naiara Goiak eta Ione Ardaiz-ek, jardunaldiaren nondik norakoak aurkeztu dituzte. Biek azpimarratu dute mundu mailako mehatxu autoritarioen aurrean, Euskal Herrian kultura demokratikoan sakontzeko eta demokraziaren berrikuntzan aurrera egiteko borondate argia dagoela, tokiko erakunde eta eragile ugariren bidez bultzatutako estrategia berritzaileekin. Era berean azpimarratu dute, ikastaro honek demokraziaren berrikuntzako eztabaida globaletan gure ekarpena lantzea eta balioan jartzea duela helburu, tokiko esperientziak eta nazioarteko adituen ikuspegiak uztartuz.
Jardunaldiaren 2. atalean nazioarteko erreferentziazko bi adituk bi inspirazio aurkezpen egin dituzte. Hélène Landemorek (Yale Unibertsitatea) “Merkatua, foroa eta epaimahaia: demokraziaren ereduak berrikusten” izeneko hitzaldia eskaini du. Open democracy kontzeptuaren oinarriak azaldu ditu, herritarren parte-hartze zuzenagoa eta inklusiboagoa proposatuz. Hitzaldian, deliberazioaren garrantziaz eta teknologia digitalak eskaintzen dituen aukerez eta erronkez ere aritu da, XXI. mendeko demokrazia ereduen inguruko hausnarketa sustatuz.

Bestalde, Michael Sawardek (Warwick uniberstitatea) “Demokraziaren diseinuaren erronkak” hitzaldia eskaini du. Saward-ek gaur egungo egoeraren diagnosi batekin hasi du bere ekarpena: demokraziak gaur egun dituen erronka nagusien inguruko ikuspegia deskribatu du, eta, teoria politikoaren aditu gisa, erronka horiei aurre egiteko bere proposamenak partekatu ditu. Hortik abiatuta, pixkanaka bere gogoetak eta proposamenak jorratu ditu diseinu demokratikoaren inguruan, testuinguruaren garrantzia azpimarratuz eta eskualde subnazionalek erronka demokratiko globalen aurrean egin dezaketen ekarpena zehaztuz.

Bi mahai-inguruk itxi dute uda ikastaroa. Lehenengoan, tokiko erakundeetako ordezkariek gurean demokrazian sakontzeko garatzen ari diren estrategiak zein egitasmoak aurkeztu dituzte. “Tokiko erakundeen estrategiak eta esperientziak kultura demokratikoan sakontzeko eta komunitate-zentzua indartzeko” izenburupean, honako partaide hauen ekarpenak jaso ditugu: Mikel Hidalgo, Lehendakaritza – Eusko Jaurlaritza, Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren proiektuen koordinatzailea; Ana Aguirre, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila – Eusko Jaurlaritza, Gobernu Irekiaren eta Gobernu Onaren Zuzendaria; Iosu Arraiz, Diputatu Nagusiaren Alorra – Gipuzkoako Foru Aldundia, Estrategia zuzendaria eta Etorkizuna Eraikiz zuzendaria; eta Ainhoa Arrona, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerlaria.
Bigarren mahai-inguruan, Arantzazulab-ek sustatutako askotariko egitasmoen sustatzaileek beraien esperientziak partekatu dituzte eta horiei buruzko gogoeta egin dugu. “Demokraziaren aldaerak, agertokiak eta aukerak XXI. mendean. Arantzazulab-ek sustatuko Ikerketako eta Esperimentazioko egitasmoen arduradunen arteko elkarrizketa” mahai-inguru honetako aurkezpenak pertsona hauek egin dituzte: Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitatea; Arantxa Mendiharat, Deliberativa; Eider Aldape, Maraka; Maria Ajuria, Farapi Kooperatiba eta Arantzazulab-eko Kosorkuntza Ekosistemako kidea; eta Beatriz Belmonte, Better Public Services eta Arantzazulab-eko “Demokrazia aro digitalean” ikerketaren ikerlaria.
Ikuspegi anitzek bat egin dute Arantzazun egin den uda ikastaroan, eta pozgarria izan da demokraziaren berrikuntzan sakontzeko nahia partekatua dela ikustea.




Helene Landemore-kin lan saioa
Ekainaren 26an, berriz ere Arantzazulab-en ekosistemako talde bat elkartu gara Hélène Landemore-kin gogoeta saioa egiteko. Hélène Landemore Yale Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea da, teoria politikoan espezializatua. Bere ikerketa eta irakaskuntza arlo nagusiak honako hauek dira: teoria demokratikoa, epistemologia politikoa eta adimen artifizialaren etika eta politika. Oxfordeko Unibertsitateko Ethics in AI Institute-ko kidea da, eta OpenAI-ko Democratic Inputs to AI programako aholkularia. Frantziako Herritarren Batzar Nazionalaren azken edizioko Gobernantza Batzordean aritu zen, eta gaur egun Schmidt Futures-ek babestutako lana garatzen ari da AI2050 programaren barruan.
Bere lanari buruz, gehiago ezagutu nahi izanez gero, hemen gogoeta saiorako gomendatutako bi irakurketa:
- Demokrazia Deliberatiboari buruz – Open Democracy
- Democracy and AI – How will advanced AI systems impact democracy?
Saio honetan, ekainaren 24ko topaketan egin bezala, Arantzazulab-en marko estrategikoaren, hurbilpenen eta egitasmoen gogoeta kolektiboa egin dugu; halaber, oro har, Euskadin demokrazian sakontzeko eta komunitatea indartzeko askotariko eragileak egiten ari garen lanaz jarduteko aukera izango da, baita Helene Landemore-n ikerketa eta ekarpenak gertutik ezagutzeko aukera ere.
Hainbat abiapuntuko galdera proposatu ditugu solasaldiari hasiera emateko, besteak beste:
- Zein direla uste duzu gure testuinguruaren berezitasunak Euskal Herrian demokrazia indartzeko?
- Zein aukera sumatzen dituzu Euskal Herrian gure demokrazia sakontzeko? Eta zein dira aurkituko ditugun oztopo edo erronkak?
- Nola uste duzu aberastu genitzakeela Euskal Herrian bultzatzen ari garen ekimenak?
- Zer hartu behar dugu kontuan gure demokrazia indartzeko oinarri sendo bat eraikitzeko?

Helene Landemore eta Arantzazulab-en ekosistemako eragileekin egindako lan saio honetatik ondorengo hiru ideia nabarmenduko genituzke:
1. Demokrazia irekia.
Demokrazia praktikan gauzatzeko modu ezberdinei buruz aritu gara. Gaur egun, Herritarren Batzarrak galdera zehatz baten inguruan antolatzen dira gehienetan, eta horrek mugatu egiten du parte-hartzaileen ekarpena. Baina galdera egin behar diogu geure buruari: Zertarako dira Herritarren Batzarrak?
Benetan demokrazia-kultura garatu nahi badugu, urrats bat gehiago eman behar dugu: herritarrak agenda zehazteko prozesuan inplikatu, eta deliberazioa tresna egokia izan daiteke horretarako. Eta, bide horretan, hurrengo galderak sakontzen jarraitu behar dugu:
- Zer azpiegitura eta kultura behar ditu deliberazioak?
- Nolako kultura politikoa behar du demokraziak?
2. Teknologia digitalak.
Teknologia digitalek —eta bereziki adimen artifizialak— erronka berriak dakartzate demokraziarentzat, baina baita aukera berriak ere. Boterea banatzen, informazioa eskuragarriago egiten edo autokrazia saihesten lagundu dezakete.
Hausnartu dugu teknologia hauek nola lagundu dezaketen deliberazioan, adibidez Chris Summerfield-ek proposatutako “Habermas machine” tresnaren bidez, eta baita ausazko zozketaren bidez herritarren hautaketa bidezkoagoa izateko aukerez ere. Gogoetan sakontzeko hainbat harimutur daude:
- Zein deliberazio mota garatu daiteke espazio digitalean?
- Nola diseinatu behar dira?
- Nork diseinatu behar ditu?
- AA erabili al daiteke arrazoiketa demokratikoaren osagarri gisa?
3. Ikuspegi zabal batetik.
Euskal Herrian demokrazia zentzu zabalean ulertzen dugu: komunitateak, erakundeak eta kooperatibak indartzeko bide gisa; ongizatea eta lurralde-garapena sustatzeko modua bezala. Adibide batzuk izan genituen hizpide: unibertsitateetan ikasleen ahotsa modu esanguratsuan txertatzea; Landemore-k, Zingales eta Hart-ekin batera garatutako akziodunen demokrazia edo “inbertsoreen batzarren” kontzeptua; eta komunitate-garapena eta Herritarren Batzarren arteko loturak. Argi nabarmendu da: prozesu isolatu puntualak sortu beharrean, beharrezkoa dela demokrazia praktikan jartzeko azpiegitura eta kultura sustatzea eta garatzea.
Aste aberats eta inspiratzaile baten amaiera
Elkarrekin bizitako asteak gogoeta sakonak ekarri dizkigu eta kultura demokratikoan sakontzen jarraitzeko indar eta inspirazio berrituaz bete gaitu. Eskerrik beroenak Arantzazura hurbildu zareten guztioi, eta bereziki gurekin aste osoa partekatu duten nazioarteko bi adituei: zuen parte hartzeak eta ekarpenek ezagutzaren sorreran sakontzen jarraitzeko bide berriak zabaldu dituzte topaketetan.
Aste honetako konbertsazioetan hainbat hari-mutur interesgarri agertu dira: sakontzeko bide berriak, etorkizuneko lankidetza-aukerak, eta elkarren esperientzietatik ikasteko espazio aberasgarriak. Hemen ez da amaitzen: ildo horiek lantzen jarraituko dugu eta zuekin batera bide hau lantzen jarraituko dugu.