Gipuzkoako Herritarren Batzarrari amaiera eman diogu: 32 batzarkide, 9 gomendio eta 3,5 urteko lana

2022an abian jarri eta gero,Gipuzkoako Herritarren Batzarraren itxiera saioa izan da maiatzaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunea espazioan. Herritarrak erabaki publikoetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du deliberazio-metodologia berritzaileak. 

Zer ekarpen egin diezaioke Gipuzkoako gizarteak nekazaritza-sektoreari horrek klima-larrialdiaren eraginei aurre egin ahal izateko, eta, aldi berean, sektore gisa erresilientzia ziurtatzeko? galderari erantzuteko sustatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab demokraziaren berrikuntzarako laborategiak eta Telesforo Monzon herrigintzak laborategiak deliberazio prozesu berritzailea: Gipuzkoako Herritarren Batzarra. 

Hiru urte t’erdiko lana izan da, herritarrekin deliberazio prozesu hau garatzeko egindako bidea. Azken urteetan, askotariko erakundeak elkarlanean hiru fase nagusitan jardun gara: lehenik eta behin, diseinu eta prestaketa fasean, 2022ko otsailetik eta irailera bitartean; ondoren, batzarkideekin deliberazio prozesua eta gomendioak idaztea, 2022ko urritik eta 2023ko urtarrilera bitartean; eta azkenik, 2023ko urtarriletik eta 2025eko maiatzera arte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzuna eta hartutako konpromisoen betetze-mailari buruz informazioa aurkeztea.  

Batzarkideek 9 gomendio aurkeztu zituzten, eta Aldundiak guztiak onartu zituen aldaketekin. Hartutako konpromisoari jarraipena emanez, deliberazio-prozesua amaitu eta 2 hilabetera aurkeztu zuen erakunde publikoak erantzuna; eta ondoren, hartutako konpromisoen betetze-maila azaldu du 6, 15 eta 26 hilabete geroago. Maiatzaren 30eko saioa izan da saio horien azkenekoa.

Itxiera ekitaldiaren helburuak hiru izan dira: (1) Gipuzkoako Foru Aldundiak gomendioak ezartzeko egindako aurrerapenen berri ematea eta batzarkideekin batera gomendioei buruzko gogoeta egitea; (2) Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hartu duten eragileen partetik prozesuaren eta gomendioen balorazioa aurkeztea; (3) Herritarren Batzarraren itxiera egin eta izandako inpaktua ospatzea. 

Saioaren gidaritza eta aurkezpena Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak egin du. Berak eman die hitza Herritarren Batzarrean parte hartu duten eragile desberdinei, beraien itxierako hausnarketak eta prozesuari buruzko balorazioak partekatu zitzaten.  

Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak, ireki du saioa eta prozesuak demokrazian sakontzeko egindako ekarpena nabarmendu du, “Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan abian jarritako egitasmo hau bidegilea da eta herri politiken eraikuntzan herritarren inplikazioa eta partaidetza areagotzeko bide egingarri eta berritzaile bat planteatzen du. Ildo horretan, Aldundi gisa dugun konpromisoa da horrelako ariketak sustatzen jarraitzea, non herritarrak herritarren politiken erdigune bihurtzen diren, ez soilik emaitzen ikuspegitik, baita haien sorreratik eta garapenetik ere”. Mendozak Herritarren Batzarraren jardun “berritzaile eta eredugarrian” jarri zuen azpimarra eta, gaineratu zuen, “horrelako prozesuek gero eta garrantzia handiagoa izango dute Gipuzkoaren gaur egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko garaian”.

Jarraian, batzarkideen gomendioak ezartzeko egindako aurrerapenak azaldu zituen Arantxa Ariztimuñok, Lurralde Oreka Berdea saileko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak. Gomendio bakoitzean banan-banan Aldundiak egindako ekintzak eta horiek gomendioari nola erantzuten dioten azaldu zuen Ariztimuñok. Foru Aldundiak azken erantzunaren xehetasunak dokumentu honetan jaso ditu.

Ondoren, batzarkideen izenean, Ernestok, Marrek, Xabierrek eta Begoñak hitza hartu zuten. Lauren artean 9 gomendioei buruzko balorazio orokorrak eta galderak egin zituzten; eta azkenik, prozesuari dagokionez beraien balorazio orokorra egin zuten. Gomendioen artean lehen sektorea estrategiko bihurtzeko gomendioak nabarmendu zituzten eta baserritar misto profesionala egitasmoa balioan jarri zuten. Aurrera begira, Aldundiak erantzunean islatutako ekintzak garatzeko zenbait galdera eta egokitzapen proposatu zituzten. Bestalde, prozesuari dagokionez, balorazio positiboa egin zuten batzarkideek, eta adierazi zuten herritarrak zenbait gaietan inplikatzeko horrelako prozesu gehiago garatzearen garrantzia. Bestalde, hurrengo Herritarren Batzarretan kontuan hartzeko bi puntu azaldu zituzten: alde batetik, galderan gaia gehiago zehaztea, horrela informazio fasea eta deliberazioa erraztuko delakoan; eta beste alde batetik, gomendioen betetze-mailaren jarraipen fasea abiapuntutik argi azaltzea batzarkideei. 

Saioari jarraipena eman zion Mikel Pagolak, Gobernu Oneko eta Berrikuntza Politiko-sozialeko zuzendariak, eta Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hartu duten hainbat eragileri prozesuari buruzko galderak egin zizkien. Lehenik eta behin, Jarraipen Batzordeko eta Edukien Batzordeko kideei zuzendu zizkien galderak. Lehenengoaren izenean, Xabier Ezeizabarrenak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, hartu zuen hitza eta prozesu hauek etorkizunean berme guztiekin garatu ahal izateko erakundetzean jarri zuen azpimarra. Edukien Batzordearen izenean, aldiz, Jon Mikel Zabalak, Deustuko Unibertsitateko ikerlariak, eta Elisa Sainz de Murietak, EHUko ikerlariak, hitz egin zuten. Zabalak batzordeak edukien garapenean egindako lana balioan jarri zuen, eta Sainz de Murieta ikerlariak, Edukien Batzordeetan ikuspegi eta ezagutza moten aniztasuna bermatzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Pagolak galderen tarteari jarraipena eman zien eta prozesuaren sustatzaile izan diren laborategiei zuzendu zitzaien: Urko Aiartzari, Telesforo Monzon elab-eko zuzendariari, eta Naiara Goiari, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiari. Azken honek  nabarmendu zuen herritarrak horrelako prozesuetan inplikatzeak iritzi-publikoetan oinarritutako edukiak sortu baino, juizio publikoak sortzen direla eta informatutako gomendioak egiten dituztela batzarkideek. Bestalde, Goiak azpimarratu zuen ELGA nazioarteko erakundeak Gipuzkoako Herritarren Batzarra praktika on bezala aurkeztu duela eta horrelako prozesuak gurean instituzionalizatzeko estrategiak proposatzen dituela nazioarteko erakundeak 2024an argitaratutako txostenean. Txosten horretan Arantzazulab-ek parte hartu zuen, izan ere lan horretan dihardu laborategiak erakunde ezberdinekin, berrikuntza demokratikoko praktika hauek erakundeetan modu iraunkorrean txertatzeko.

Urko Aiartzak, Telesforo Monzon herrigintza laborategiko zuzendariak, barne eta kanpo konfiantzaren gogoeta azpimarratu zuen. Horrelako prozesuek konfiantzan sakontzen laguntzen dutela azaldu zuen eta berak prozesuan zehar bizitakoekin deskribatu zituen. EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak egindako ebaluazioak azalaratzen du batzarkideengan konfiantza igo egin dela politikarengan (politikoengan), demokraziarengan eta prozesu parte-hartzaileetan. Ebaluazio txosten osoa egitasmoaren web-orrian eskuragarri dago.

Azkenik, prozesuaren azken balorazioa, Arantxa Mendiharatek, deliberazio prozesuetan adituak eta Deliberativa elkarteko kideak, egin zuen. Mendiharatek Gipuzkoako Herritarren Batzarra ELGAren praktika onen printzipioak oinarri hartuta diseinua eta garapena egin izana balioan jarri zuen. Hurrengo prozesuetarako proposatu zuen dilema politiko gatazkatsuetan fokoa jartzea. Jardunaldiaren amaiera baino lehen, gurean ezagunak diren bi bertsolariren eskutik etorri zen sorpresa. Xabier Euzkitzek eta Unai Agirrek, gomendio bakoitzari buruz eta prozesuari buruz idatzitako 10 bertso abestu zituzten Herritarren Batzarrean egindako lana balioan jarri eta ospatzeko.

Saioaren itxiera, Irune Berasaluzek, Gobernantza Diputatuak egin zuen. Egitasmoan zehar elkarlanean ibilitako aditu, aritu eta erakunde desberdinetako ordezkariei eskerrak eman zizkien; eta bereziki, batzarkideei eman zizkien eskerrak, egindako lanagatik, aurkeztutako gomendioengatik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoen betetzean egindako jarraipenagatik. Beraien jardunagatik eskertzeko, Diputatu Nagusiak eta Gobernantza Diputatuak, batzarkideei tokiko 9 produktuz osatutako saskia oparitu zieten, egindako gomendio bakoitzeko eskerrak irudikatzeko.

Prozesuari buruzko informazio guztia egitasmoaren web-orrian irakur dezakezue.