Ondubide 2030
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate Digital Globalak (HDG) graduko bigarren urtea burutzen ari garen hiru ikasle gara: Maddi, Igor eta Maider. Ikasturte honetan, GIHen (Garapen Iraunkorreko Helburuen) baitako proiektu batean dihardugu bekadun modura, hain zuzen ere, Euskal Herriko Agenda 2030aren aliantza planean kokatzen den proiektu batean.
Ez gara HDGtik proiektuan parte hartuko duten ikasle bakarrak: aurrerago 2. mailako beste bekadun bik hartuko dute gure lekukoa, eta 1. eta 4. mailako ikasleek ere egitasmo bana garatuko dute proiektuaren baitan. Oro har, gure esku-hartzea izango da Bilbao AS Fabrik campuseko Hiri Laborategiarekin eta Arantzazulabekin batera elkar lanean erronka honi heltzea. Horretarako OnduBide proiektua sortu dugu, Garapen Iraunkorren Helburuak gizarteratzea eta gazteen ikuspegia barnebiltzea helburu duena, arreta berezia jarrita gazteengan eta Zerbitzu Aurreratuetako profesionalengan (egungoak zein etorkizunekoak).
Horren oinarri nagusia GIHen eragina eta haienganako begirada aztertu eta zalantzan jartzea da, gazteek duten ikuspegia eraginkorragoa izan dadin bermatzearekin batera. Batik bat, Agenda 2030aren helburuei heldu eta gazteengana hurbilduz.
Agenda 2030aren proiektua bera aurrera doan heinean, gure eginkizuna da helburu horien baitan jardutea. Izan ere, orain dela hilabete batzuk eman genion gure proiektuari hasiera, eta egin dugun pauso bakoitzak erakusten digu aurrera bidean goazela. Lehenengo hilabetearen xedea gure buruak kokatzea izan zen: bestelako proiektuak ezagutuz, haien lorpenen inguruan irakurriz, informatuz, eta askotariko ideiak barneratuz. Proiektuaren norabidea definitzera heldu ondoren, elkarrizketen bitartez eragile ezberdinen parte-hartzearekin ikerketa prozesu bat abian jarri dugu, GIHen inguruko jarduna zein den eta honen hutsune nagusiak zeintzuk diren zehazteko. Elkarrizketa horien bitartez, Agenda 2030aren ezagutza garatu, zerbitzu aurreratuen sektorea gertuagotik ezagutu eta horrela gure lanerako lehen pistak aurkitu ditugu.
Orain gauden egoerara heltzeko, arketipoak sortu, enpatia mapak planteatu, elkarrizketen forma aukeratu eta galderak zeintzuk izan behar duten finkatzen aritu gara. Horrela jokatuko dugu, jendearengana gerturatzean elkarrizketak ahalik eta aberatsenak izan daitezen eta informazio erabilgarria lortu dezagun ziurtatzeko. Une honetan, eragile ezberdinekin elkartzen ari gara (gazteen eta zerbitzu aurreratuen markoan beti ere), beraien iritziak jaso eta orokorrean Bilboko testuinguruan GIHen egoera zein den ezagutzeko. Horren bitartez, gure lanean aurrera jarraitzeko informazio baliotsua izango dugu esku artean.
Gure bizipenetik esperientzia aberasgarria izaten ari dela esan dezakegu. Izan ere, gazte moduan, guk ere ezagutzen ez genuen mundu bat deskubritu dugu eta ikasketa sakona ateratzen ari gara bertatik. Gizarte berrikuntzaren sektorearen berri izan dugu, eta, gure graduko lehen urtean honen zantzu batzuk ikusi bagenituen ere, hura praktikan jartzen ari gara hainbat lanketa martxan jarriz: elkarrizketak, landa lanak, parte-hartze ezberdinak eta abar.
Hau guztia jorratzeko, jakintza-eremu horretan adituak direnekin, Mondragon Unibertsitateko zerbitzu aurreratuetan dabiltzanekin eta Arantzazulabeko langileekin elkarlanean aritzeko aukera eskaini digute.
Datozen hilabeteei begira, jasotako informazio guztiarekin jardungo dugu identifikatutako hutsuneei erantzun bat ematen eta ideia berriekin Helburu Iraunkorrak gurera ekartzen; hala nola, gazteengana zehazki. Jakinarazi nahi dugu hurrengo pausoak honako hauek izango direla: batetik, elkarrizketatutako jendearekin Open Space dinamika garatuko dugu; eta bestetik, dinamika horren ondorioz Bilbao AS Fabrik-eko Hiri Laborategian praktika-komunitate bat osatu ere bai.
Idatzi honen egileak dira: Maider Markuleta, Maddi Zuloaga eta Igor Gorrochategui.
Proiektuari buruz:
OnduBide 2030 Arantzazulab-ek eta Mondragon Unibertsitateak (Humanitate Digital Globalak graduak eta Bilbao As Fabrik Hiri Laborategiak) sustatutako eta elkarlanean garatutako egitasmoa da. Ikerketa-ekintza proiektu honen bitartez 2030 agendaren garapena sustatzea bilatzen da hiritar anonimoen aktibazioaren bidez, eta metodologia eta egiteko modu berritzaileak proposaten dira horretarako. Gure galdera nagusia da: erakar ditzakegu gure (Arantzazulab, AS Fabrik) ekosistemaren inguruan egituratzen diren gazteak garapen jasangarrirako agendara? Zein dira garabide hori errazten eta oztopatzen duten adierazleak pertsona horien ikuspegitik?
Ikerketa proiektu honen bihotza OnduBide2030 gunea izango da. Gunea Bilbao AS Fabrikeko hiri-laborategian kokatuko dugu, unibertsitatearen eta hiriaren arteko bidegurutzean, hain zuzen ere. Gunearen helburua da proiektura bildu asmo ditugun eragile desberdinen elkargune izatea: unibertsitateko ikasleak, irakasle/ikertzaileak, tokiko koalizioko eragileak eta zerbitzu aurreratuetako profesionalak, hain justu. Guneak espazio fisikoa eskaini asmo dio AS Fabrik ekosisteman integraturiko eragileen arteko elkarrizketari, garapen jasangarria ardatz. Proiektuak bi garabide desberdin izango ditu. Batetik, gure ikasleen ikaste/irakaste prozesuaren erdigunera ekarri asmo dugu 2030 agenda. Urte osoan zehar hiri eta komunitate jasangarriak (11. GJH) ulertzen, lankidetza-harremanak aurreratzen edo/eta prozesu, tresna eta mekanismo desberdinak prototipatzen ikasiko dute gure ikasleek. Bestetik, ikasleekin batera aztertu nahi dugu zein den hiri-laborategiaren ekosisteman kokatzen diren etorkizuneko profesionalek duten ikuspegia garapen jasangarriak pausatzen dizkien erronka, galdera, kontraesan eta aukeren aurrean (17. GJH). Finean, agendaren begirada herritarrei hurbildu ordez, gure proposamena da gazteen eta etorkizuneko profesionalen begirada ekartzea agendaren inplementaziorako aukera eta oztopoei buruzko eztabaidara.
Egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agenda garatzeko programa estrategikoaren markoan kokatzen da (Arantzazulab-ek Trantsizio Sozial eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroko GUNEAK lankidetza-taldean parte hartzen bait du eta baita gune honen Talde eragilean ere)