Erreferentziazko euskal eragile askoren babesa izan du Arantzazulab-ek bere inaugurazio ofizialean
Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, bere inaugurazio ekitaldia egin du Arantzazun kokatuta dagoen Gandiaga Topagunean (Oñati). Inaugurazioan Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Izaro Elorza Oñatiko alkateak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak parte hartu dute. Hitzorduak erreferentziazko eragile askoren interesa eta lankidetzarako prestutasuna utzi ditu agerian, izan ere, lurralde ezberdinetako ordezkariak bertaratu dira: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, unibertsitateak; edota herrigintzaren, euskal pentsamenduaren, kulturaren zein euskalgintzako hainbat erakundetako kideak ere. Hitzorduak, argazkietan ikus daitekeen bezala, ordezkaritza zabala bildu du.
Besteak beste, aurkezpenean izan dira Arantzazulab-eko Zuzendaritza Batzordeko kideak: Sebas Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Iñigo Ucin (MONDRAGON Korporazioa), Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), Izaro Elorza (Oñatiko Udala), Joxe Mari Arregi (Frantziskotarren probintzia); eta baita Aholku Batzordeko kideak ere: hiru euskal unibertsitateetako ordezkariak, Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria), Urko Aiartza (Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria) eta Jose Luis Madinagoitia (Arantzazuko Adiskideak elkartea).
Arantzazu Gaur Fundazioko kideek -Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia- sustatuta sortu da laborategia, eta eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa egiten ditu lau eremu nagusi hauetan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea. “Egungo testuinguruak dituen konplexutasunen, ziurgabetasunen edota etengabeko aldaketen aurrean gizartea eraldatu egin behar da, eta gizakia aldaketetara egokitu nahi badugu, gizakia, norbanakoa eraldatzetik abiatu behar dugu”, azaldu du Naiara Goiak.
Arantzazuk Gipuzkoako gizartean eta, oro har, euskal gizartean izan duen garrantzia azpimarratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. “Herri gisa dugun ezaugarrietako bat, gizarte aktibatu eta berdinzale hori, berritzen eta saretzen jarraitzeko tresna izango da. Arantzazuk betitik oinarri izan duen humanismo horretatik, izaera herrikoi horretatik, egin ere”, adierazi du diputatu nagusiak. Orobat, Arantzazurentzat, eta baita Oñatirentzat ere, ingurune honek duen balioaz eta bere ekosistemaren garrantziaz mintzatu da Izaro Elorza, Oñatiko alkatea.
Mugarria: 3 euskal unibertsitateen elkarlana
Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko, Arantzazu erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea du helburu proiektuak. “Bultzatu nahi dugun gizarte berrikuntza, gainera, printzipio eta balio jakin batzuekin lotzen da. Batetik, herrigintzarekin eta garapen komunitarioarekin; eta, bestetik, lankidetzazko gobernantzarekin. Agenda publiko berrian herritarrek duten inplikazioari eta parte-hartzeari dagokion alorrean eragiten gabiltza, administrazio publikoaren eta gizarte antolatuaren artean gobernantza eredu berriak esploratuz”, bereizi du Naiara Goiak.
Lau dira, hain justu, Arantzazulab-en ardatz estrategikoak: Garapen komunitarioa; Saretzea eta elkarlana; Ikerketa, Formakuntza eta Sozializazioa; Irekiera eta Nazioartekotzea. Hasieratik gaurdaino unibertsitateak Arantzazulab-en eragile gakoak izan dira. Gure lurraldeko hiru unibertsitateek elkarlanean parte hartu dute laborategiaren diseinuan: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea. Mugarritzat har daitekeen gertaera da, eta egun, laborategiaren Aholku Batzordean ez ezik, Arantzazulab-ek sustaturiko ikerketarako kooperazio espazioan ere eragile aktibo dira.
Streaming bidez zuzenean eskaini den aurkezpen ekitaldian, nazioarteko eragileekin bi solasaldi berezi izan dira. Hala, bada, Australiatik Matt Ryan-ek, The Governance Lab-eko ikerlari seniorra New Yorkeko Unibertsitatean, eta Parisetik Claudia Chwalisz-ek, OCDEk herritarren parte-hartze prozesu berritzaileei buruz egiten duen lanaren buru dena, parte hartzeko aukera izan dute. Egun, biak ala biak Arantzazulab-ekin elkarlanean ari dira.