Tolosako Udalak Herritarren Batzarraren gomendioen erantzuna aurkeztu die batzarkideei

Arantzaulab_Deboluzioa_02_Tolosa

Tolosako udaleko sail ezberdinen eta ordezkari politikoen elkarlanaren emaitza da aurkeztutako gomendioen erantzuna

Osasun emozionalean sakontzeko prozesua

2022ko urritik abendura bitartean zozketa zibiko bidez hautatutako 32 tolosarrek 40 orduz lan egin zuten ondorengo galderari erantzuteko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko? 

Bost larunbatetan zehar egindako lanaren ostean, batzarkideek 14 gomendio aurkeztu zizkieten Tolosa Udaleko ordezkariei, besteren artean ondorengoak: “Tolosarren ongizate emozionalaren egoera ezagutzen”, “Denok dugu boluntario bat barruan” edo “Konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak”. Gomendio guztiak irakurri daitezke egitasmoaren webgunean. 

2023ko urtarrilean hasita, eta martxoaren lehen astea arte, Tolosa udaleko teknikariek eta ordezkari politikoek gomendioei erantzunak jorratu dituzte. Martxoaren 25ean hain zuzen ere, erantzun horiek aurkezteko ekitaldi publikoa egin da udaleko pleno aretoan, 

Olatz Peon Tolosako Udaleko alkateak hasiera eman dio saioari, herritarrak modu esanguratsuan politika publikoen diseinuan inplikatzeko garrantzia azpimarratu du eta gomendioen erantzunei jarraipena emateko konpromisoa berretsi du.  

Udalaren erantzuna ezagutu baino lehen, deliberazio egitasmoan batzarkideek bizitako esperientzia jasotzeko bideoa proiektatu da. Elkarrizketatuek prozesuaren garrantzia, esperientzia positiboa eta horrelako prozesu gehiago egitearen garrantzia nabarmendu dute. Bederatzi minutuko bideoa ikusgai hemen.

Ondoren, udaleko ordezkari politikoek gomendio bakoitzari emandako erantzuna azaldu dute. Hurrenez hurren hitza hartu dute: Olatz Peon alkateak, Joseba Ormazabalek, Andu Martinez de Rituertok eta Jose Mari Villanuevak zinegotziek. Gomendio bakoitzari buruz zer den egingo den, zein aurrekontu esleituko zaion eta zein epeetan gauzatuko den erantzun dute. Modu horretan prozesu honen eragin positiboa, herritarren ahalduntzea eta politika publikoetan inpaktua bermatu nahi da.Batzarkideak eta udal ordezkariak saioan

Tolosako Udalaren pleno aretoan egindako ekitaldi publikoan parte hartu dute Herritarren Batzarraren batzarkideek, Tolosako udaleko ordezkariek, egitasmoaren  sustatzailea izan den Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiko arduradunek, Edukien Batzordeko aditu zein arituek, eta prozesuaren diseinuan zien inplementazioan lan egin duten taldeetako profesionalek. 

Askotariko eragileek elkarlanean 18 hilabeteetan diseinatu eta garatutako prozesua

Tolosako Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko egitasmoa da, bigarren Herritarren Batzarra gure lurraldean Arantzazulab-ek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Telesforo Monzon laborategiarekin sustatu duenarekin batera. 

Tolosako Udalak eta Arantzazulab-ek Tolosako Herritarren Batzarra abian jarri zuten 2022ko urtarrilean. Nazioarteko ELGA/OCDE erakundearen bidelaguntzarekin diseinatu da egitasmoa, eta tokiko hainbat eragileren arteko elkarlanari esker gauzatu egin da. Aztiker ikerguneak, Prometeako erraztaileak eta EHUko Aktiba ikerketa taldeetako kideekin batera garatu da prozesua. 

Herritarren Batzarrek Demokrazia Deliberatiboaren markoari erantzuten diote. Erronka handiko erabaki publiko zailen inguruan zozketa zibiko bidez hautatutako herritarrak politika publikoetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen dute. Beraz, prozesu hauek berrikuntza demokratikoan sakontzeko aukera ematen digute eta erakunde publikoen eta herritarren arteko harreman eredu berriak aktibatzen dituzte. Herritarren Batzarretan zera egiten da: komunitatean ordezkaritza handia duen pertsona-talde batek informazioa aztertzen du, adostasuna bilatzeko deliberatu egiten du eta agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio zehatzak garatzen ditu.

Arantzaulab_Deboluzioa_Tolosa_02

 

Bi egitasmo hauekin Arantzazulab-en azken helburua da demokrazia deliberatiboaren inguruko ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak sortzea eta euskal erakundeetan deliberazio prozesuak instituzionalizatzeko baldintzak sortzea; euskal erakundeetan herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko deliberazio tresna hau modu egonkorrean txertatuz.

Prozesuaren ebaluazioa eta emaitzak

UPV/ EHU-k Arantzazulab-ekin duen lankidetzaren markoan, Aktiba ikerketa taldeak Herritarren Batzarraren ebaluazioa egin du, kanpoko ikuspegi neutrala emanez, eta prozesua perspektiba ezberdinetatik ebaluatuz: prozesuaren diseinua eta inplementazioa, herritarren bizipena, eta deliberazio prozesuaren eragina. Ebaluazio hau, Gipuzkoako Herritarren Batzarrean EHUko Parte Hartuz taldeak egindakoarekin batera garatu da. Ebaluazio txostenetan jasotakoetatik bi Herritarren Batzarretan zera nabarmendu daiteke: “Prozesuak eragin positiboa izan du batzarkideengan, eta parte hartu ondoren konfiantza handiagoa dute demokrazian eta partaidetza-prozesuetan”. Halaber, Tolosako Herritarren Batzarraren kasuan, politikarienganako konfiantza handitu da, eta Gipuzkoako Herritarren Batzarrean, politikarekiko. Bi txostenak eskuragarri jarriko dira egitasmoen web-orrietan.

Batzarkideak saioan

Modu osagarrian, Arantzazulab-ek erakunde sustatzaile bezala, hainbat ikasketa jaso ditu prozesuan, batzuk nabarmentzearren: 

  • Prozesu hauek lankidetzazko gobernantzan eta berrikuntza demokratikoan sakontzeko aukera ematen digute eta erakunde publikoen eta herritarren arteko harreman eredu berriak aktibatzen dituzte.
  • Ikasketa sakoneko prozesuak izan dira: prozesu konplexuak eta erronka handiko gai zehatz batzuk jorratzeko dira egokiak.
  • Tokiko eragile askoren arteko lankidetza eraginkorraren bitartez gauzatu dira.
  • Erakunde publikoen barne eraldaketan eragina izan dute.
  • Demokrazia deliberatiboaren esparruan nazioartean adituen eta gobernuen sareetan posizionatu ditu Gipuzkoako lurraldea, Tolosa eta Arantzazulab.