Lankidetzazko Gobernantza Aurre-hartzailea Aditu Tituluaren lehen edizioaren itxiera balorazio oso positiboarekin

Arantzazulab-en egoitzan egin dira formakuntza programaren lehen edizio arrakastatsuari itxiera eman dioten bi saioak ospakizun kutsuan, parte-hartzaileekin eta erakunde sustatzaileekin batera.

2024-25 ikasturtean garatu den Lankidetzazko Gobernantza Aurre-hartzaileari buruzko graduondoko aditu tituluak lankidetzazko gobernantzan praxitik sakontzea du helburu, hurbilpen pedagogiko eta ikaskuntza metodologia berritzailea proposatuz. Lankidetzazko Gobernantza bidezko prozesuek eskatzen dituzten gaitasunak garatzen lagundu nahi du aditu tituluak lurraldean, baita prozesu horiek garatzeko tresnak, hurbilpenak, , lan-metodologiak, eta esperientziak parte-hartzaileen eskura jarri ere. Lehen edizioan 25 ikaslek hartu dute parte, matrikula eskaintza beteta. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua izan da aditu titulua (Lankidetzazko Gobernantza sustatzeko eta hedatzeko azken urteetako ibilbideari jarraipena emanez eta erakunde-estrategiaren markoan), Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen du eta Arantzazulab eta Atelier itd fundazioekin lankidetzan garatu da.

Erakunde sustatzaileok balorazio oso positiboa egin dugu, eta formakuntza programaren lehen edizioa ahalegin kolektiboaren emaitza izan dela azpimarratu da aho batez. Hala adierazi dute lehen edizioaren itxiera saioan aditu tituluaren sustatzaile diren erakundeetako ordezkarien arteko mahai-inguruan: Iosu Arraiz (Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendaria), Juana Goizueta (Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Kanpuseko errektore ordea), Naiara Goia (Arantzazulab-eko zuzendari nagusia), eta Miguel Soberón (Atelier itd-ko zuzendaria).

Gainera, erakunde sustatzaileek aditu titulu honen abiapuntuko helburuak ekarri dituzte gogora, baita egungo testuinguruan Lankidetzazko Gobernantzan sakontzeko inoiz baino behar handiagoa azpimarratu ere: horretarako, erronka konplexuei aurre egiteko, balio publikoa sortzeko eta demokrazia indartzeko, Lankidetzazko Gobernantzaren garapenean eta aplikazio praktikoan jartzen du fokoa aditu tituluak. 

Arduradunez gain, erakunde sustatzaileetako beste ordezkaritza zabala izan da ikaskuntza prozesuko erraztaileekin, eta 25 pertsonako ikasle taldearekin batera. Gainera, aditu titulu hau bultzatzeko hastapenean lana egin zuten bi pertsonari aitortza egin zaie, formakuntza programa sustatzeko egindako lanagatik: Sebas Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendari ohia), eta Agustin Erkizia (Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Kanpuseko errektoreorde ohia). 

Lankidetzazko Gobernantza praktikan, aditu tituluaren elementu bereizgarriak 

Hiru elementu bereizgarri ditu formakuntza programak, balio erantsia eskaini dutenak erronketan oinarritutako ikaskuntza praktikoa; ikasleei bidelaguntza prozesua; komunitatea sortzea. ikasturtean zehar, parte-hartzaileek beren aukerako erronka praktiko batean lan egiten dute, esperientzia eta talde mailako ikaskuntzan lagundu duen erraztaile-talde baten laguntzarekin, eta beren proiektu eta erakundeetan lankidetzazko kultura bati laguntzeko beharrezko trebetasunak eskuratu dituzte. Programari buruzko informazio osoa webgune honetan aurkitu dezakezu.

Bestalde, bertako eta nazioarteko irakasle, aditu eta profesional ezberdinek eman dituzte eskolak, ponentzia sorta interesgarria jasotzeko aukera izan dutelarik ikasleek. Ikusi hizlarien eta irakasleen zerrenda osoa.

Ikasleen eta parte-hartzaileen aurkezpenak – Azken bi saioak  

Asteroko online eskolez gain, saio presentzialak izan ditu graduondokoak, ikaskuntza praktikoan sakontzeko, esperientziak elkar trukatzeko eta partaideen arteko komunitate sendo bat osatzeko. Hain zuzen ere, aditu tituluaren lehen edizio hau ixteko bi saio presentzialak izan dira Arantzazun, Arantzazulab-en egoitzan. 

Azken bi saioetan parte-hartzaileek egindako lana aurkezteko aukera izan dute, eta aditu tituluan zehar garatutako ezagutza, ikasitako metodologia eta hurbilpen ezberdinak nola txertatu dituzten beraien erronka eta proiektuetan partekatu dute, talde txikietan lehenengo eta itxiera saioan plenarioan gero. Honen adibide, parte-hartzaile bakoitzak plenarioan  bere erronkaren inguruan egindako mota ezberdinetako lanketak aurkeztu zituen: Ikuspegi berriak, erronka berrientzat -Oarsoaldea Garapen Agentzia-; Lankidetza-gobernantzaren bidez eskualdea dinamizatzeko ekintza-plana –Bat Bi ta Hiru-; Solas-ola lurralde-laborategia elkarrekin sortzeko prozesuaren antolamendu-dimentsioa –Eusko Ikaskuntza-; Hiri Biotikoak: Espazio publikoaren birsorkuntza ekosozialerako gida –Pez Estudio-.

Arantzazulab-en rola

Arantzazulab-ek aditu tituluaren koordinazioaren ardura izan du beste erakunde sustatzaileekin batetik; bestetik, parte-hartzaileen erronkaren bidelaguntza eta errazte lana ere burutu du; eta hirugarren,  ponentzia eta eskola ezberdinak eman ditugu, laborategian garatzen ari garen ezagutza hedatzeko. Demokrazian sakontzeko joerak, esperientziak eta perspektiba, metodologia eta praktika berriak eta gaurkotuak aurkeztu ditugu saio ezberdinetan. Hauek izan dira aditu tituluaren modulu ezberdinetan Arantzazulab-eko kideok eman ditugun saioak eta ponentziak: Lankidetzazko Gobernantza – markoak ; Demokrazia Deliberatiboa; Ko-sorkuntza; Diseinua: aurkezpena eta bere aplikazioa Lankidetzazko Gobernantza prozesuetan; Lankidetzazko Gobernantza prozesuetan Ebaluazio Ebolutiboa eta Hedatze estrategiak; Lankidetzazko Gobernantza prozesuetarako gaitasunak eta jarrerak. 

Ebaluazioaren emaitzak eta bigarren edizioa 

Oso balorazio positiboarekin amaitu da lehen edizioa. Ikasleen eta koordinatzaileen artean  ikastaroari buruz gehien baloratutako alderdiak hauek izan dira: Ponentziak eta hizlarien kalitatea; Erramintak, metodologiak eta ikasitako hurbilpenak oso baliagarriak izan dira norbere erakunderako edo erronkarako; Taldearen aniztasuna. Entzutea eta dialogoa taldean. Ikaskuntza kolektiborako Espazioa sortu izana; Alderdi teorikoaren eta praktikoaren arteko oreka; Fazilitazioa – erronketarako jasotako bidelaguntza.

Aditu titulua Ebaluazio Ebolutiboa enfokearen bitartez ebaluatu da, eta ikasketa ezberdinak atera dira, bigarren ediziorako aintzat hartuko direnak – horrela, lehen edizio honetako ikaskuntza ezberdinekin hurrengo edizioan hobekuntza hauek aurreikusi ditugu: eduki jakin batzuetan gehiago sakonduko da, bidelaguntza zerbitzua sakonagoa izango da, online saioetan ikasleen parte-hartzea aktiboagoa izateko mekanismoak ezarriko dira, eta praktika-komunitatea eraikitzeko bidea esploratuko da, edizio ezberdinetako ikasleekin, erakunde sustatzaileetako kideekin eta irakasle eta profesional ezberdinekin. 

Aditu tituluaren talde sustatzailea dagoeneko bigarren edizioa prestatzen ari gara, laster izango da informazio osoa eta aurre-matrikula egiteko aukera!