Herritarren Batzarrak diseinatu eta inplementatzeko nazioarteko ezagutza aurreratuaren gida euskarara itzuli du Arantzazulab-ek

Demokrazia Deliberatiboaren ezagutza Euskadin hedatzeko helburuarekin lotuta, DemocracyNext erakundearekin lankidetzarako hitzarmena sinatu dugu. Ikerketa eta ekintzarako institutua da Democracy Next, irabazi-asmorik gabekoa eta independientea. Elkarlanaren lehen ekintza izan da Herritarren Batzarrak diseinatu eta inplementatzeko gida euskarara itzultzea. Ingelesez sortu zen gida eta euskara da itzuli den lehen hizkuntza. 

Arantzazulab-en lan-ildo estrategikoetako bat da Demokrazia Deliberatiboa Euskadin hedatzea. Hedatzea modu zabalean ulertzen dugu (gizarte eragileekin eta herritarrekin deliberazio prozesuak hedatzea demokrazian sakontzeko eta lankidetzarako kultura hedatzeko, bai politika publikoen esparruan, baita bestelako erakunde pribatu zein publikotan ere, horretarako mekanismo eta bitarteko ezberdinak erabilita), eta hiru estrategia jarraitzen ari gara: 

  • Gora hedatzea: politika publikoetan eragina izatea eta herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko modu hau bermatzen dituzten politikak sustatzea. 
  • Kanpora hedatzea: deliberazio-prozesu gehiago diseinatu eta inplementatzea, herritar eta tokiko eragile gehiagok ikuspegi hau ezagutzea zein praktikara eramatea. 
  • Sakon hedatzea: Demokrazia Deliberatiboaren inpaktuak eta praktika onen printzipioak ezagutaraztea, eta Herritarren Batzarrak bezalako prozesuak garatzeko ezagutza tokiko erakunde zein gizarte antolatuan zabaltzea.  

Azken helburu horrekin lotuta, DemocracyNext erakundeak nazioarteko ezagutza aurreratua batu du eta Herritarren Batzarrak diseinatzeko zein inplementatzeko gida sortu du. Gidaren edukiak, nazioartean garatu diren hainbat prozesuetan eratorritako esperientzia zein ikasketetan oinarrituta sortu dituzte. DemocracyNext erakundeko kideak ELGA erakundearen Deliberative Wave txostenaren eta ELGAren Demokrazia Deliberatiborako Tresna Multzoa (OECD Deliberative Democracy Toolbox) egileak izan ziren, eta ikerketa horretan aztertutako 289 adibideetatik informazioa jaso dute. Horien artean, Euskadin garatutako Gipuzkoako zein Tolosako Herritarren Batzarrak ere kontuan hartu dira.

Gidaren testuan, Herritarren Batzarrak diseinatu eta inplementatzean jarraitu beharreko urratsak deskribatzen dira eta adibide zehatzen bidez azaltzen dira. Besteak beste, gaia aukeratu eta definitzea, aurrekontua ezartzea, egutegia prestatzea edo parte hartuko duten pertsonak hautatzea. Gainera, deliberazio-prozesu bat abian jarriko duen lan taldearentzat baliagarriak izango diren hainbat txantiloi jasotzen dira. Azkenik, euskarako bertsioan gure testuinguruari dagokion informazio zehatza gehitu dugu, betiere Gipuzkoako eta Tolosako Herritarren Batzarren praktiketan oinarrituta (baita alor honetako foro eta sareetan barneratutako jakintza gehituta ere). Horrela, prozesu hauetan garatutako ezagutzarekin aberastutako gida izango da eskuragarri jarri duguna euskaraz. 

Ondorengo esteka hauetan edukiak irakurri eta deskargatu ditzakezue:  

  • Gida online irakurtzeko esteka
  • Gidaren txostena deskargatzeko lotura

Gida hau euskarara itzultzearekin, euskal erakunde publiko zein gizarte eragileen eskura Demokrazia Deliberatiboaren esparruko ezagutza aurreratua jartzen da. Era berean, euskarari ikusgarritasuna eta garrantzia ematen dio esparru honetako nazioarteko foroetan. Arantzazulab-entzat beste urrats garrantzitsu bat da berrikuntza demokratikorako ikuspegi zein egiteko modu hau gurean hedatzeko. 

Gida honekin batera,  laster, Arantzazulab-ek kaleratuko duen Ezagutza Atarian laborategian garatutako ezagutza materialak eta euskarri ezberdinak ere argitaratuko ditugu, gurean garatu dugun ezagutza eta ikasketak jasoz. Honekin guztiarekin, Demokrazia Deliberatiboa hedatzeko ezagutza gizarteko erakunde zein herritarren eskura jartzea bilatzen da, esparru honetan berrikuntza eta eraldaketa prozesuak laguntzeko eta errazteko. Eta finean, demokrazian sakontzeko.