Hitzetatik Ekintzetara ekimenean lortutakoa ospatu dugu TOPA! Jaialdian 

Herritarrak 2030 Agendara hurbiltzea izan du helburu Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek, duela 6 hilabete baino gehiago, abian jarritako Hitzetatik Ekintzetara egitasmoak. Proiektuaren helburu orokorra herritarrak erronka kolektiboetan inplikatzeko modu berriak eskaintzea izanik, Gose Eza izan du ardatz lehen edizioak. 

Lorpenak ospatzeko eta proiektuan parte-hartu duten eragile eta herritarrei (3.100 pertsonatik gora) eskertzeko, TOPA! jaialdia antolatu zen urriaren 20an Tabakalerako Kutxa Fundazioa plazan. Jaialdia aukera ezin hobea izan da bizitakoak gogoratzeko eta, emaitzek erakutsi duten bezala, egiteko modu berriak, erakargarriak eta eraginkorrak badaudela aldarrikatzeko.  

Jaialdian ekimen desberdinak antolatu dira. Hitzetatik Ekintzetara ibilbidearen erakusleihoa aurkeztu da: proiektuko klik-ekintza guztiak (10 baino gehiago) jaso dituen erakusketa. Cocina de Guerrilla kolektiboaren “Zertan Gatza”  parte-hartu dutenek gatzez beteriko gutunak idatzi dituzte: gatzak bizilagunen arteko hartu-emanean historikoki izan duen sinbolismoa baliatuz, erakunde eta enpresei gose eza eta elikagaien xahuketari aurre egiteko eskaintza zehatzak eginez. 

The Languages of Enegy-k “elikagai intertzeptatuen tailerrean” baztertu eta alferrik galdu behar ziren elikagaiak baliatuz, jaialdirako mokaduak prestatu dituzte bertaratutakoek dastatzeko jaialdiaren amaieran. Halaber, Dani Lasa sukaldariak, eta IMAGO Gastronomia laborategiaren sortzailea, elikagaiak sortzeko eta kontsumitzeko ditugun moduen inguruan gogoeta partekatu eta adibide ezberdinen bitartez  sukaldaritzaren baitan gizarte berrikuntza nola txerta daitekeen azaldu du.  

Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren bigarren edizioa 

Lehen esperientziaren ostean, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren bigarren edizioa iragarri da. Proiektuaren oinarrian Garapen Jasangarrirako Helburuak aurkituko ditugu urtero eta, 2030era bitartean, helburu horiek ezagutarazteko eta hauetan herritarrak aktibatzeko ekimenak abiaraziko dira. Bigarren edizioa Garapen Jasangarrirako 11. helburuan oinarrituko da: “Hiri eta Komunitate Jasangarriak”. 

Jaialdian Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia, adierazi du: “helburu honen baitan hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzea bilatuko dugu”. Izan ere, eremu publikoak denon artean lantzen direnean bestelako erronka handi batzuei aurre egiteko bideak eraikitzen baitira, besteak beste, integrazioa, belaunaldien arteko elkartasuna, bakardadea eta ongizate emozionala. 

Hitzetatik Ekintzetara proiektuaren bigarren edizioan ere, Kutxa Fundazioa eta Arantzazulab eragile desberdinekin elkarlanean arituko dira KLIK ekintzen Programa lankidetzan garatzeko. Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendaria, nabarmendu du: “Hitzetatik Ekintzetara ko-sorkuntzan oinarritutako bidea da, modu berriak, ezberdinak, erakargarriak sortzea helburu duena”. Proiektuak orain arte Agenda 2030arekin bat egin ez duten pertsona eta erakundeetara iristeko modu ezberdinak eskainiko dizkie aktibatze pauso hori eman nahi duten herritarrei.