Tolosako Udalak Herritarren Batzarraren 14 gomendioak ezartzeko egindako aurrerapenen berri eman du 

Herritarren Batzarraren itzultze-saioa izan da gaur, eta Tolosako Udalak gomendioen inplementazioaren berri eman die batzarkideei.

2023ko azaroaren 4an goizeko 9.00etan Tolosako Herritarren Batzarra osatzen duten herritarrak eta udaleko ordezkariak batu dira Tolosako kultur etxean. Saioaren helburua izan da udalaren partetik herritarren gomendioak ezartzeko egindako bidea aurkeztea. Horrekin batera, aurrerantzean emango diren hurrengo urratsak argitu dituzte udal ordezkariek eta orain arte egindako lanketa herritarrekin kontrastatu. “Ongizate eta osasun mentala” izan zen Tolosako Herritarren Batzarrak jorratu zuen gaia; herritarrak erabaki publiko batzuetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du Tolosan lehenengoz egin zen herritarren deliberazio egitasmo berritzaile honek. Hain zuzen ere, gaiaren inguruan herritarren 14 gomendio egin zituen herritarren batzar honek. Udalak hartutako konpromisoari helduz, gaur izan da lehen itzultze-saioa. 

Andu Martinez de Rituerto alkateak eman dio hasiera saioari azalduz Tolosako Udalarentzat egitasmo honek duen garrantzia eta gomendioak ezartzeko udalaren konpromisoa berretsi du. Ondoren, udal ordezkariek hitza hartu dute, eta hurrenez hurren, aipatutako bost gomendioen ekintzen berri eman dute: Rituertok, “arkitektura inklusiboa” gomendioetan egindakoa deskribatu du; Xarles Iturbek “nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa” eta “espazio eta aisia, gazteak”; Aitor Agirresarobek, “gune berdeak” eta Josune Sanzek, “konfiantza instituzionala”.

Aurkezpenaren ostean, batzarkideak lau taldeetan banatu dira. Talde bakoitzean, bi gomendiori buruz gogoeta egin da. Lehenik, batzarkideek beraien galderak zehaztu dituzte eta lehen ebaluazio bat egin dute, ondoren udaleko ordezkariekin galderak zein kezkak kontrastatzeko aukera izan dute. Saioa ixteko Tolosako Udaleko Gobernantza eta garapen komunitarioko teknikari Garikoitz Lekuonak azkeneko balorazioak jasotzeko erronda dinamizatu du. Horren ostean, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak, gomendioen inplementazioari jarraipena emateko hurrengo urratsak aurkeztu ditu. Eta azkenik, Andu Martinez de Rituertok azpimarratu ditu orain arte inplementazioan izandako erronkak, eta hurrengo hilabeteetan emango dituzten urratsak deskribatu ditu. Udal ordezkariek batzarkideei proposatu diete aurreikusita ez zegoen itzulpen saio bat egitea 2024ko maiatzean, orain arte aurreratu ezin izan diren ekintzak gauzatuko baitira hurrengo hilabeteetan, eta horien berri ematea proposatu dute prozesuaren hasieran 2024ko urrian aurreikusita zegoen itzultze-saioa baino lehen.

Aurrekariak: Tolosako Herritarren Batzarraren ibilbidea 

2022an Tolosako Udalak eta Arantzazulab-ek Tolosako Herritarren Batzarra abiatu zuten   nazioarteko zein tokiko hainbat eragilerekin elkarlanean. Nazioartean bidelagun izan ditugu ELGA eta Democracy Next erakundeetako lan taldeak, eta gurean Aztiker, Deliberativa, Aktiba (EHUko ikerketa taldea) eta Prometea. 

2022ko urrian zozketa zibikoaren bidez, alegia, ausaz edo modu aleatorioan, Tolosako 32 herritar hautatuak izan ziren Herritarren Batzarrean parte hartzeko. Batzarkideak tokiko aniztasuna deskribatu zezaten zenbait irizpide jarraituta aukeratuak izan ziren, zehazki: adina, generoa, hezkuntza-maila eta Tolosako zein auzoetan bizi ziren. 

32 batzarkideek 2022ko urritik eta abendura bitartean 40 orduetan deliberatu egin zuten, betiere, udalak abiapuntuan proposatutako galderari erantzuteko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?  

2022ko abenduaren 17an batzarkideek 14 gomendio aurkeztu zizkioten Tolosako Udalari. Tokiko erakundearen ordezkariek barne lanketa egin zuten hurrengo hilabeteetan eta 2023ko martxoaren 25ean udal ordezkariek gomendio bakoitzari erantzun zioten zehaztuz: zein gomendio inplementatuko zituzten eta nola, eta zeintzuk ez zituzten inplementatuko eta zergatik. Saio horretan udaleko ordezkari politikoek eta batzarkideek erantzunaren kontrastea egin zuten, eta hainbat galdera eta zalantza azaleratu ziren. Egitasmoaren web-orrian batzarkideek egindako gomendioak eta udalaren erantzuna jasotzen dituzten dokumentuak eskuragarri daude.Geroztik, Tolosako udaleko lan taldeek ekin diote hartutako konpromisoak inplementatzeari. Aurten bost gomendioen lanketarekin hasi dira:

A. Arkitektura inklusiboa

H. Nerabeak, LGTIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa

K. Espazioa eta aisia, gazteak (13/18)

M. Gune berdeak 

N. Konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak 

Herritarren Batzarrak Demokraziaren sakontzen jarraitzeko 

Gaur egun aldaketa sakoneko garaian bizi gara. Gobernuek eta erakundeek onartu egin dute beren gaitasun estrukturala eta ezagutza ez direla nahikoa uneko erronken eskalari, abiadurari, interrelazioari eta konplexutasunari aurre egiteko. Gainera, herritarrak geroz eta urrunago sentitzen dituzte erakundeak eta sistema politikoa. 

Erakunde, herritar eta gizarte antolatuaren arteko lankidetza ereduak birpentsatuz bakarrik erantzun ahal izango diegu gizarte gisa ditugun erronkei. Herritarren Batzarren abiapuntua, erakunde publiko batek proposatutako erronka konplexu edo dilema bat da, zein galdera formatuan zehazten da. Galdera horri erantzuteko, komunitatearen aniztasuna deskribatzen duen pertsona talde batek gaiari buruzko informazioa aztertzen du, adostasuna bilatzeko deliberatu egiten du eta agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio zehatzak garatzen ditu. 

Demokrazia deliberatiboak herritarren ahotsa modu esanguratsuan txertatzea bilatzen du. Gurean bi Herritarren Batzar diseinatu eta inplementatu ditugu, Gipuzkoako Herritarren Batzarra eta Tolosako Herritarren Batzarra. Arantzazulab-en helburua da prozesu horietan garatutako ezagutza sistematizatzea, eta bertan sortutako eragin positiboa hedatzea. Baita gure erakundeetan berrikuntza demokratikoko tresna hau modu iraunkorrean inkorporatzea ere. Guk horri instituzionalizazioa deitzen diogu.

Zer da zehazki Demokrazia Deliberatiboaren instituzionalizazioa Arantzazulab-entzat? Administrazio publikoetan demokrazia Deliberatiboaren printzipio, ezagutza eta jardunbideak ezartzeko baldintzak sortzea. Zehazki, esan nahi du erakunde publikoen gaitasunak eta ezagutzak eraikitzea, egiturak diseinatzea, baliabideak bermatzea eta hori ahalbidetuko duten legeak zein politikak definitzea. 

Demokrazia Deliberatiboaren instituzionalizazioaren oinarrian ondorengo ezaugarriak daude: 

  • Dilemetan edo balioetan zentratuko da. 
  • ELGAk ezarritako praktika onen printzipioak jarraituko dira. 
  • Denboran iraunkorrak izango dira. 
  • Egungo sistema instituzionalean txertatuko da, hura osatu eta aberasteko. 

Zein dira Euskal Herrian Demokrazia Deliberatiboa instituzionalizatzeko ematen ari garen urratsak? Kanadako McConnel Family Foundation eta Tamarack institutuek egindako ikerketa batean, hiru hurbilketa identifikatu zituzten berrikuntza soziala hedatzeko. Arantzazulab-en Demokrazia Deliberatiboa zabaltzen hasi gara iradokitako hiru estrategiak jarraituz:  

  • Gora hedatzea: “Politika publikoetan eta legeetan inpaktua izatea” 
  • Kanpora hedatzea: “Pertsona gehiago inplikatzea” 
  • Sakon hedatzea: “Erro kulturaletan eragina izatea” 

Tolosako Udala ere bidelagun izaten ari da instituzionalizazioaren gogoetan, eta hurrengo hilabeteetan joango gara partekatzen bai Tolosako Herritarren Batzarraren hurrengo urratsak, bai Demokrazia Deliberatiboa hedatzeko egiten ari garen lana.