TOPA! Jaialdia ate-joka, Gose Ezaren aldeko inplikazioaren ospakizuna

Sei hilabete baino gehiago igaro dira Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek Hitzetatik – Ekintzetara egitasmoa aurkeztu genuenetik. Proiektuaren helburua gizartea Agenda 2030era hurbiltzea da, herritarrei erronka sozialekin aktibatzeko modu desberdinak eskainiz. Ekimenaren lehen edizioa azken fasera iritsi da, eta bizitakoa jasotzeko, lorpenak ospatzeko eta hurrengo urratsak iragartzeko, Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek TOPA! Jaialdia antolatuko dute urriaren 20an, 18:00etan, Kutxa Fundazioa Plazan (Tabakalerako 4. solairuan). 

TOPA! jaialdiak hainbat helburu izango ditu. Alde batetik, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoan parte hartu duten eragileei, erakundeei eta herritarrei eskerrak emateko modua izango da, eta konpromiso kolektiboaren balioa, taldearen indarra, bistaratzeko baliatuko da unea. Izan ere, Garapen Jasangarrirako Helburuei lotuta, gizarteari ekarpena egiteko modu ezberdinak eskaintzean datza Hitzetatik Ekintzetara ekimena, eta aurtengoan, Gose Eza izan da aztergaia. Horretarako, Gipuzkoako 3. sektore eko-sozialeko 23 elkarterekin lankidetzan, 10tik gora jarduera antolatu dira maiatzetik urrira, eta 1.500 gipuzkoarrek baino gehiagok hartu dute parte ekintza horietan.

Jaialdiaren bidez, halaber, gizartea erronka sozialetan inplikatzeko eta horiek aldarrikatzeko modu berriak egon badaudela eta eraginkorrak direla ospatuko da. Norbanako askoren ekarpenak batuta, eraldaketa posible dela agerian utzi du aurtengo lehen ekitaldiak, eta kontzientzia hori pizteak duen garrantzia azpimarratuko da ospakizunean. 

Egitaraua

Urriaren 20a elkarrekin topa egiteko eta ongi pasatzeko momentua izango da, baina baita helburuekin inplikatzeko eta proiektua gehiago zabaltzeko unea ere. Horretarako, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren irudiak biltzen dituen erakusketa aurkeztuko da Tabakalerako Kutxa Fundazioa Plazan, eta Cocina de Guerrilla kolektiboak Zertan gatza! ekintza parte-hartzailea egingo du. Proposamen honek gatzak historikoki bizilagunekiko izan duen funtzioaren inguruan hausnartzera gonbidatuko ditu parte-hartzaileak, eta gatza modu sinbolikoan erabiliko da publikoa elkarteekin inplikatzeko. 

Jarraian, The Languages of Energy elkartearen eskutik, elikagai interzeptatuen sukaldaritza tailerra izango da, eta ondoren, Dani Lasak, IMAGO gai gastronomikoetako sukaldariak, hitzaldi ispiratzailea eskainiko du. Jaialdia, azkenik, Broken Brothers Brass Band talde nafarraren emanaldiarekin amaituko da. Proiektuaren funtsezko osagaiak izan diren eragileei, antolatzaileei eta jardueretan parte hartu duten herritarrei zuzendutako jaialdia izango da TOPA!, eta Hitzetatik – Ekintzetara egitasmora hurbiltzeko eta hura bertatik bertara ezagutzeko interesa duten herritarrak ere ongietorriak izango dira. Sarrera doakoa da baina aforo mugatua; beraz, aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Eman izena!