Informazio-fasea itxita, deliberazioan murgildu da Tolosako Herritarren Batzarra bere 3. saioan

Arantzaulab_Tolosa_Batzarra

Tolosako Herritarren Batzarraren hirugarren deliberazio-saioa izan berri da, eta batzarkideak, azaroak 19ko saioan,  informazio-faseari amaiera emateaz gain, deliberazio-fasean murgildu dira. Goizari hasiera eman zaio orain arte landutakoa gogora ekarriz. Aurreko bi saioetan askotariko aditu zein arituak entzun ditugu, zehazki, Tolosako Udalak proposatutako galderari buruz ezagutza garatzeko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?

Informazio-fasea ixteko, batzarkideek Tolosako esperientziak ezagutu zituzten tokiko eragileen eskutik. Hain justu, ondorengo pertsonek hitz egin dute:

  • Maider Sierra, psikologoa eta Minbiziaren aurkako elkartekoa (AECC), Tolosako Prebentzio mahaiko kidea.
  • Mireia Roca, Zutani elkartea.
  • Ixa Imaz, Inmakulada Lanbide Heziketa Eskola.
  • Garikoitz Murua, Zuzendari artistikoa GKo Gallery-n

Garikoitz Lekuona Tolosako Udaleko parte-hartze eta garapen komunitarioko teknikariak gidatuta, lau eragileen artean solasaldia izan da bi gai jorratzeko: batetik, galderarekin lotuta Tolosan zer gertatzen ari den aurkeztu dute; eta bestetik, etorkizunari begira zein erronka ikusten dituzten azaldu dute. Solasaldiaren bideoa ikusgai egongo dago egitasmoaren web-orrian.

Mahai-inguruaren ostean, Tolosako lau aditu zein arituak herritarrekin talde txikietan eseri dira eta herritarren galderei erantzuteko tartea izan dute. Deliberazioan murgiltzeko, orain arte jasotako informazioaren eskema bisuala aurkeztu dute Prometeako dinamizatzaileek. Eduki horretan bisualizatu da informazio-fase guztiaren laburpen sintetiko bat, herritarrek hori aberastu eta osatu dezaten.

Tolosa Batzarra, 3. saioa

Ondoren, prozesuaren hurrengo urratsak irudikatze aldera dinamizatzaileek aurkeztu dituzte: taldean deliberatzeko adostutako arauak, gomendioen egitura eta horien hainbat adibide.

Lehen eta bigarren saioetan herritarrek gomendioen hazien txokoa sortzen hasi dira. Bertan jaso dira gomendio-kolektiboak izan daitezkeen lehen ideia batzuk. Tolosako 32 batzarkideek gomendioen hazien txokotik 5 aukeratu dituzte, eta gomendioak nola lantzen diren praktikan jartzen hasi dira. Bost taldeetan banatuta, gomendioen lehen proposamenak sortu dituzte, eta ondoren, guztiek besteek sortutakoak aberasteko tartea izan dute.

Hurrengo bi saioetan, abenduaren 3an eta abenduaren 17an, deliberazioan murgilduko dira batzarkideak. Aurreko saioetan entzundako informazio guztia aztertuko dute eta Tolosako Udalari aurkeztuko dizkioten gomendioei forma ematen joango dira.