Ongizatea nerabezaroan: Elkar-entzuteko eta -eragiteko espazio berritzaileak sortzen

Arantzaulab_Galdera_Ikurrak_Blogspot
  • Arantzazulab-en egitasmoa: Ko-sorkuntza ekosistema
  • Blog postaren xedea: Galdera Ikurrak ko-sorkuntza esperimentuaren ikasketak eta galderak partekatzea
  • Egileak: Farapi eta Medialab Tabakalera

Zertaz ari gara ongizateaz ari garenean? Zer esanahi du ongizateak 15 urteko neska batentzat? Zer da ongizate falta, eta zein ondorio ditu?

Gai hauen inguruan hitz egiteko espazioa sortu dugu ‘Galdera Ikurrak’ egitasmoaren baitan. Bi nerabe taldek, sormen baliabide anitzak tarteko, haientzat ongizatea zer den hausnartu eta partekatu dute, bi esperientziak eta ondorioak dialogoan jarriz. Eta emaitzak izugarriak izan dira.

16 urteko neska talde lasartear batek eman dizkigu lehen argi-izpiak. Ezin dute ongizatea ulertu komunitatearen parte izan gabe: herriko parte sentitzea edo lagun talde sendoa izatea, beharrezkoak dira haien ongizaterako, eta herriko jaien edo kultur adierazpenen bitartez sentitzen dute konexio hori. Kontziente dira, ordea, komunitatearen parte izateko, denok ez ditugula aukera berdinak, eta baliabideak behar direla horretarako: garraiobide eraginkorrak, tabernak, elkarteak edo elkarrekin partekatzeko lekuak, berdegune eta natura espazioak, baliabide ekonomikoak…

Eta hor aurkitzen dugu Donostiako Peñaflorida institutuko nerabe taldearekin alde nabarmenena. Euskal Herrira duela gutxi etorritako kidez osatutako taldea da, eta leku ezezagunean egoteaz gain, norberarena sentitzen ez den komunitate baten baitan bizi dira. Harrera politikek huts egiten duten puntu argi bat erakutsi digute: harreman esanguratsuak eta lagun taldea osatzeko aukera falta. Izan ere, gehienek, bakardade sentzazioa bizi dute, eta horrek beraien autoestimuan eta ongizatean eragina duela nabarmendu dute.

_DSC3452

Hala ere, badituzte estrategiak egoera latzei aurre egiteko: emozioak eta ezinegonak adierazteko marraztea edo idaztea, kirola egitea deskonektatzeko, edota norbere buruarekin lasaitasunean egoteko aukerak bilatzea. Baliabide hauek eraginkorrak dira, baina indibidualizatuak, eta talde dimentsioa emanez edota aisialdi arautuarekin edo gizarte ekimenekin konektatuz, hauen potentzialitatea hazi daiteke. Lasarteko taldeko kideen bizipenak berriz ekarriz, aisialdia ongizaterako eta norbere identitatea eraikitzeko pieza gakoa da, zaletasunak garatu, kide eta talde berriekin egotea eta esperimentatzeko aukera ematen baitu. Eta musika eskolara edota judora joatea aisialdia ordez ongizaterako elementu moduan ikusiko bagenu, aukera berriak irekiko lirateke?

Badaude neska gazte eta etorri berri edo arrazalizatua izateak ongizatean dituen beste ondorio batzuk ere, Peñafloridako neskek irudiz zein hitzez adierazi duten moduan: batetik, genero jazarpen agerikoagoa jasaten dute eta honi erantzuteko egoera zaurgarriagoan daude; eta bestetik, haien gorputzekiko presio estetikoa eta sexualizazioa handiagoa da. Gizarte egitura arrazista eta matxista baten baitan, neska hauentzat kaleak ez direla espazio seguruak gehitu dute.

Gai guzti hauekin beste asko ere gurutzatu dira: etxeko egoerak eta gurasoekin harremanak norberaren ongizatean duen eragina, babeslekuak eta espazio seguruak izatearen beharra, gizarte mailako rolak jarraitzeko edo ikasketekiko presioa, haien beharrak entzunak ez izatearen zentzazioa eta abar.

Guzti honi buruz hitz egin genuen urriaren 25ean Medialab Tabakaleran egin genuen solasaldian. Nerabeek, fanzine, collage eta irudien bitartez, haien ongizaterako behar zutena partekatu zuten, eta haien arteko elkarrizketa aberatsak sortu ziren. Bi taldeek eskertu zuten errealitate desberdineko nerabeekin elkartrukerako aukera, elkar ezagutza eta elkar entzutea baitira ongizatearen garrantziari buruz kontzientzia hartzeko eta komunitatea ehuntzeko lehen urratsak.

_DSC3488

Nerabeez gain, ongizateari lotutako erakunde publiko eta eragileek ere hartu zuten parte solasaldian, gazteria, haur eta nerabeen eskubideak, buruko osasuna, aniztasuna, berdintasuna, partaidetza, ko-sorkuntza eta osasun komunitarioari lotuta, besteak beste. Nerabe eta helduen arteko elkarrizketa honetan, politika publikoetan nerabeen partaidetza aktiboaren eta ongizatearen erronkei heltzeko beharra azaleratu zen, konplexutasunetik eta errealitate anitzak kontuan hartuz.

Nerabeek haien ahotsa altxatu dute, biluztu dira, eskuzabaltasunez eta ausardiaz. Orain, gai izango gara gizarte mailan ditugun erronka hauei heldu eta erantzunak artikulatzeko? Bide asko dugu aurretik, eta argi dago eragile anitzen arteko elkarlana eta nerabeak jarraikortasunez entzuteko mekanismoak sortzetik etorriko direla erantzunak.

_DSC3523