Ko-sorkuntza Ekosistemaren topaketa berezia bere lehen urtemugan
Bere laugarren topaketa egin berri du Arantzazulab-ek abian jarritako Ko-sorkuntza Ekosistemak. Lansaioa, laborategiaren egoitzan (Gandiaga Topagunea) egin dena, ekosistemaren lehen urtemuga ospatzeko balio izan du. Duela urtebete hasi zen Arantzazulab, euskal 30 eragilerekin elkarlanean, Euskal Herriko ko-sorkuntza ekosistema eraikitzen. Laborategiak bultzatzen duen gizarte berrikuntza ikuspegiak ardatz hartuta (Lankidetzazko gobernantza eta eraldaketarako gobernantzaren berrikuntza), ekosistemak bi helburu ditu:
- Euskal Herrian ko-sorkuntza guneak, ezagutza eta eragileak konektatzea, besteak beste, lana ezagutzera emateko, baliabideak partekatzeko zein ikasitakoak amankomunean eztabaidatzeko.
- Esperimentatzeko espazioak dinamizatzea sormena sustatzeko eta ezagutza berria sortzeko.
2021etik hona, ekosistemak, besteren artean, 3 lansaio antolatu ditu, hausnarketa ezberdinak sustatu ditu ko-sorkuntzaren inguruan adimen kolektiboa eraikitzeko, nazioarteko eragileekin konexioa egin du, eta ko-sorkuntza esperimentuen lehiaketa bultzatu du; eta azken honetatik eratorrita, bi dira abian dauden esperimentuak:
Asteazkenean egindako topaketak, hain justu, bi esperimentu horien bilakaera ezagutzera emateko eta hausnarketa sustatzeko asmoa izan du, eta honako helburuarekin bat egin du: Arantzazulab-en Thinkers in Residence ikerketaren behin behineko konklusioen berri ematea nahiz ekosisteman landutakoarekin konektatzea.
Esperimentuei dagokienez, hauen bilakaera eta orain arteko ikasketak azaldu dituzte proiektuaren eragileek: “Bi lan ildo jorratzen ari gara paraleloan: batetik, Farapi eta Medialab Tabakaleraren elkarlanerako ko-sorkuntza espazioa, eta bestetik, nerabeekin batera ongizatearen inguruko lanketa. Azken horretan askotariko teknikak erabili ditugu, besteak beste, ondorengoak: gurpila, just one, dixit, covisage, fanzinea, bideojokoak eta collage”, adierazi du Galdera Ikurrak esperimentuko eragileak. Era berean, Galdakao 2030 esperimentuaren lanketaz mintzatu dira bere sustatzaileak: “Ko-sorkuntza prozesu bat garatzeko aldaketaren eragile izango direla sinesten duten pertsonak behar ditugu, motibazio dosi handiak izango dituzten pertsonak”.
Thinkers in Residence ikerketaren behin behineko konklusioak
Topaketaren lehen zatiaren ondotik, Arantzazulab-en Thinkers in Residence ikerketaren behin behineko konklusioak ezagutzeko aukera izan dugu Michelle Zucker nazioarteko ikerlariaren eskutik. Bere aurkezpenean eraldaketaren testuingurua azaldu digu, eta ondoren aztertutako nazioarteko kasu jakinen ideia gakoak aurkeztu ditu. Azalpenaren ondoren, ikerketaren lau hipotesien gogoeta egin dute partaideek, ko-sorkuntza ekosisteman landutakoarekin loturak eginez.
Halaber, ekosistemako eragileek urrats berriak ematen jarraitu dute asteazkenean. Arantzazulab-ek eragile sarearekin martxoan lantzen hasitako manifestuari urte honen bukaeran forma emango diote. “Lanketa honen helburua da nor garen, ekosistemaren xedea zein den, gure konpromisoak zeintzuk diren eta har ditzakegun rolak zeintzuk diren zehaztea. Hastapenean den Ekosistema bat izanik, kideen konpromisoek hasierako lankidetza-baldintzekin, oinarrizko lan-dinamikaren ezaugarriekin zein egiteko moduekin izango dute lotura ”, azaldu du Ione Ardaiz Arantzazulab-eko gizarte berrikuntza proiektuen arduradunak. Ko-sorkuntza Ekosistemaren hurrengo lansaioa udazkenean izango da, eta hori baino lehen, ko-sorkuntza ekosistemako esperimentuen ikasketak eta lanketak partekatuko ditugu blogposten bidez. Halaber, Thinkers in Residence ikerketako edukiak ekosisteman garatutakoarekin konektatzen jarraituko dugu eta nazioartean ikasitakoa ekosistemako ko-sorkuntza elementuak aberasten jarraitzeko baliatuko dugu.