Nerabeak partaidetza subjektu, prozesuaren jabe direnean

Galdera_Ikurrak_Blogpost.
  • Arantzazulab-en egitasmoa: Ko-sorkuntza ekosistema
  • Blog postaren xedea: Galdera Ikurrak ko-sorkuntza esperimentuaren ikasketak eta galderak partekatzea
  • Egileak: Farapi eta Medialab Tabakalera

 

Helduon mundu batean bizi gara, helduon ahotsa eta begiradatik eraikia. Haurtzaroa eta nerabezaroa helduarora iristeko prestaketa faseak kontsideratzen dira, trantsizio garaia, eskubide mugatuekin, adinean igo ahala gainditu eta eskubide osoko herritar bihurtzeko.

Galdera ikurrak proiektuan nerabeei ahotsa eman nahi izan diegu beraien bizipenak zentrora ekarriz. Nerabeek kontziente izan daitezen, taldean hausnartuz, esperientzia eta ezagutzak sormenetik landuz eta eskubide osoko subjektu moduan helduei zuzendu, beraien ahotsa aldarrikatuz.

Farapi kooperatiba elkartea eta Medialab Tabakalera nerabe talde ezberdinekin lan egitea eskatzen duen proiektu hau aurrera eraman ahal izateko eskola eta ikastetxeekin harremanetan jarri da. Zenbait eskolek proiektua interesgarritzat jo eta parte-hartzeko borondatea adierazi arren, ikasturte honetan ezik hurrengo ikasturterako programazioan sartzea nahi zuten, momentuan ikasturtea erabat lotuta bai zuten. Behin ikasturtea hasita eskolentzat zaila da proiektu berri batean sartzea. Ondorioz denbora libreko eta antzeko egiturekin jarri gara harremanetan.

Behin taldeak izanik, nola egin bidea helduon mundutik “kanpoko” kontsideratzen ditugun hauei? Helduok sortu eta dinamizatutako prozesuen bitartez? Edo, zer behar dute nerabeek partaidetza prozesuetan subjektu izateko, parte eta jabe sentitzeko? Nerabe taldeak lotzeaz gain  harremana bultzatzeko dinamikak lantzea ezinbestekoa izan zen proiektu honetan. Nola egin bide hau? Farapik urteak daramatza galdera hauei erantzuten, hausnartuz eta praktikaren bitartez, galderaz galdera bidea egiten. Medialab Tabakalera aldiz kultur arloan lan egiten duen zerbitzu publiko gisa aritzen da eta nerabeek leku handia hartzen dute naturaltasunez egunerokotasunean, era librean. Proiektu honetan bi erakundeen esperientzia eta jakintzak genituen. Ondorengo lerroetan elkarlan honen esperientziaren ondorio batzuk partekatu nahi ditugu.

Prozesu natural baten markoa, hau da, erabilitako forma eta dinamikak gazteek beraienak egiten dituztenean, parte hartzaileen jarrera irekia izatea errazten du eta gazteek benetan pentsatzen dutena sakontasunez lantzeko aukera ematen digu. Espazio eta erakunde batzuetako barne-logika eta araudiek aukera hauek lantzea mugatzen dute. Errealitate honi gehitu beharra zaio Covid dela eta jarri zaizkigun mugak (kontaktu fisikoa eta mugimendua mugatzea, maskararen erabilera, taldeak murriztea…) eta hauek nola eragin duten oso era negatiboan.

Adibide moduan, Galdera ikurrak proiektuko saioetara janaria edota musika eraman dugu, hitz egiten genuen bitartean gustura sentitu zitezen, eskuak erabiliz, elkarrekin partekatuz, talde sentimendua indartu zedin. Elementu hauek, desbideratu baino, zentratu egiten gaituztela uste dugu, prozesuarekin gehiago konektatzen gaitu eta lagungarriak dira oinarri sendo eta errealistagoak eraikitzeko.

Ondo pasatzeaz  gain, nerabeek elkarrekin egote hutsa bilatzen dute. Hau horrela izan daiten asko kostatzen zaigu maiz helduon ikuspegitik aurrera eramatea, normalean “produktiboa den zerbaitetan” aritzea eskatzen diegulako. Nerabeekin lan egiten dugunean, elkarrekin egote hutsa eta kide taldea zaintzea oinarrizko balore gisa lantzen dugu. Ongizateaz aritu garen horretan, nerabeek bizi duten isolamendu bizipena era errepikakorrean agertu da, ondorioz talde dimentsioa eta harreman aberasgarriak eraikitzea lehentasunezko elementuak bihurtu genituen.

Ongi pasatzea zein talde eta harremanen zaintzaren elementu hauek proiektuaren zerbitzura daude, eta dinamizatzaile moduan, hori bideratzea dagokigu. Izan ere, batzuetan ez da erraza oreka topatzea “ondo pasatzea” eta prozesuaren lanketa gaiarekin konektatzearen artean eta ahalduntzea bilatzea. Galdera ikurrak proiektuan,  ongizatearen inguruko lanketa egiteko, sormen baliabideak erabili dira (fanzineak, bideo-jolasak, argazkigintza…) eta kasu batzuetan, baliabidea bera, lanketa gaia baino erakargarriagoa bihurtu da (erabilera bera, sormena edo hobeto erabiltzeko ikasten jarraitzea). Kasu hauetan, proiektuaren markoa gogorarazi behar izan diegu, nerabeen esperimentaziorako askatasuna eta proiektuaren helburuak betetzearen arteko oreka zaila zainduz.

Bideo-jolasen lanketa aukeratu zituztenekin era agerikoan gertatu zen: nahiz eta ongizatearen inguruan kolektiboki hausnartu eta bideo-jolasean hortik eratorritako elementuak txertatu behar zituztela argi izan, ordenagailuaren aurrean jartzean gaitik urrundu eta gogokoak zituzten beste elementu batzuk aukeratzera jo zuten. Momentu hauetan baliabide berri baten ikaste prozesuarekin motibatuta eta kontzentratuta zeuden, beraz oso zaila egin zitzaigun edukiak gogorarazi eta hauekin loturak egiteko eskatzea. Hurrengo saiorako lan dinamika aldatu genuen: lehendabizi, kolektiboki ongizateri buruz landutakoa gogorazi genien, prozesuarekin berkonektatuz; ondoren, nerabe bakoitzarekin modu indibidualean hausnarketa orokorra bere bizipenekin lotu eta bideo-jolasera nola ekarriko zuen landu genuen bideo-jolasean txertatuko zituen elementu konkretuak zerrenda batean idatziz. Honela, nerabe bakoitza ordenagailuaren aurrean berriz jartzean zerrendan jasota zituen elementuak baliatu zituen eta bideo-jolasean ongizateren inguruan landutakoa integratzea lortu zen.

Honi lotuta, nerabeen motibazioak zehazten hasten garenean batzuetan helduen balore eta barne-kontraesanekin ere egiten dugu topo eta hau, prozesurako oztopo baino, aukera moduan planteatu genuen. Nerabeen eta prozesuko kide batzuen bizipenetan bideo-jolasak ongizaterako aukerak dira baina batek bideo-jokoek sortu dezaketen menpekotasunaren beldur zen, isolatzeko gaitasuna izan zezaketela ere ikusten zuen. Ondorioz, gazteak aipatutakoa kontutan hartu  eta gaia bere konplexutasunean landu genuen.

Guzti honek agerian jartzen du nerabeentzat prozesua edukia bezain garrantzitsua dela, eta kasu batzuetan, are garrantzitsuagoa. Helduok, erakundeekin eraikuntza kolektibo espazioetan gauzak egiteko era estandarizatuak onartzen ditugu, diskurtsiboari eta arrazionaltasunari garrantzia handia emanez. Erabiltzen dugun hizkuntza eta komunikazio baliabideak oso landuak izaten dira, oinarri tekniko edota teorikoetatik eratorriak eta honek kolektibo eta subjektu batzuen partaidetza erraztu eta beste batzuena mugatzen du, kasu, nerabeena.

Bestalde, helduon munduak, eta honen baitan sortutako erakundeek (erakunde publikoak, ikastetxeak…) eta nerabeek erritmo desberdinak ditugu eta horrek tentsioak sortu ditzake dinamizatzen ditugun prozesuetan. Nerabeak zerbaiten inguruan benetan motibatzea lortzen badugu, bihar jarraitu dezaketen galdetuko dute eta horretarako aukera izatea ez da posible izaten gehienetan erakundeen lan-fluxuen baitan.

Galdera Ikurrak proiektuan gauden eragileok jarrera irekia eta malgutasuna daukagu eta horrela nerabeen motibazioekin konektatzeko aukera izan genuen, erritmo desberdinen elkarbizitza eta elkarrizketa bultzatuz.