Lan erresidentzia egin du Decidim taldeak Arantzazulab-en, eta UPV/EHU-rekin batera ZEHAR ikerketa-ekintza proiektua abiatzeko baliatu dute egonaldia

Decidim_ZEhar_WEB
  • Arantzazulab eta Decidim: elkarrizketak eraginez Gipuzkoan zehar

Egilea: Antonio Casado da Rocha (UPV/EHU), ZEHAR ikerketa-proiektua

 

Uztailaren 4tik 8ra, Decidim software librearen elkarteko kideak eta ikertzaileak hartu ditu Arantzazulab-ek lan erresidentzia formatu berritzaile batean, ZEHAR ikerketa-ekintza proiektuari hasiera emateko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eta EHUren eta Euskampus Fundazioaren ekimenez, proiektu honetan ikerketa taldeek, hiritarrek eta gizarte eragileek lankidetzazko gobernantza moduak landuko dituzte Gipuzkoan zehar.

2021-2030 hamarkada sakoneko eraldaketa aroa izango da hainbat arlotan, hala nola ekonomian, elkarbizitzan, lurraldearen kudeaketan klima-aldaketa garaian, osasunean eta zaintzan, edo gizarte eleaniztun baten zientzia eta teknologian. Erronka da gizarte eragile askok partekatu ditzaketen gobernantza moduak aurkitzea, eta, horrela, aurretik eraikitako politika publikoak integratzea eta sostengatzea.

Erronka horri aurre egiteko, hainbat jardueren bidez ZEHARek kogobernantza ereduak modelatuko ditu, ahots askok epe laburrera eta ertainera etorkizunari buruzko ikuspegiak irudikatuz eta partekatuz. 2030. urtea da helmuga, baina aurretik eta ondoren zer gertatuko den pentsatuz, orain arte lankidetzazko gobernantzako dinamiketan parte hartu ez duten eragileak elkarrizketan sar daitezen. Baliteke pertsona horiek gobernantzaz ezer ez entzun izana, baina ziur aski interesa dute etorkizun hurbilean beren bizitzak nolakoak izan daitezkeen jakiteko. Horregatik, zuzenean beren gobernantza ereduari buruz galdetu beharrean, 2030erako beren eguneroko bizitza irudikatzen duten elkarrizketak sustatuko ditu proiektuak. Deskribapen horiek herritarren eta erakundeen arteko harremanak barne hartzen dituzten heinean, ZEHARen ikerketa geruzak hortik ondorioztatuko ditu jokoan dauden gobernantza kontzeptuak edota ereduak.

Ikuspegi eta elkarrizketa horiek oso erreala den eremu digital batean biziko dira, aurrez aurreko jardunaldi, tailer eta egoitzen bidez landuta eta elikatuta. Eremu digitala Decidim softwareko instantzia bat izango da: herritarrak eta erakundeak beren burua demokratikoki antolatzeko plataforma bat. Decidim instalazio hau lehena izango da Gipuzkoan, eta proiektuaren ezaugarri bereizgarrietako bat da. Aurrez aurreko esperientziak biltzeko eta artikulatzeko lagunduko du, komunitateak bere burua hobeto uler dezan, mapan koka dadin eta partekatutako ikuspegiak sor ditzan. Erresidentziak dira ZEHARen funtsezko beste ezaugarria: ikertzaileen egonaldiak potentzial handiko lekuetan, Gipuzkoako 7 eskualdeetako tokiko komunitateekin elkarreraginez. Halaber, 1-2 eguneko tailerrak eta beste topaketa batzuk egingo dira, adituen laguntzarekin, espazio seguruetan gaitasun teknopolitikoa eta irudimen kolektiboa trebatuz.

ZEHARen oinarrizko kontzeptua da elkarri entzunez ahotsak batzea, hau da, elkarrizketa koralak egitea. Kontzeptuaren froga izan dugu lehen aste honetan Decidim talde eragilearekin Arantzazulab-en. Bartzelonan hasi eta 5 urtera, mundu osoan Decidim erabiltzen dute 450tik gora erakundek. Goizetan taldeak bere White Paper osatu eta ikuspegi estrategikoa sakondu ahal izan du. Arratsaldeetan, taldeak ekarpenak egin dizkio ZEHARi, hainbat metodologiaren bidez (walkshop-ak, adibidez).  

Metodologia horiek balioan jarri dute Arantzazuren ondarea elkarrizketa eraldatzaileak sortzeko eta laguntzeko.