Punta-puntako nazioarteko adituekin egindako erresidentziak ekarpen apartak utzi ditu Lankidetzazko Gobernantza berrirudikatzeko

Arantzazulab_Reimaging

Bi eguneko erresidentzia eta hausnarketa estrategikoa egiten ari gara egunotan Arantzazulaben; eta bertan nazioartean eraldaketa sistemikoan zein demokraziaren berrikuntzan erreferentziazko gizarte berrikuntza esparruko adituak parte-hartzen ari dira. Gurera iritsitako punta-puntako adituak izan dira Jayne Engle, Participatory Canada-ko zuzendaria; Anthony Zacharzewski Democratic Society-ko zuzendaria; Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria, eta Michelle Zucker, Arantzazulab-en abian dugun Thinkers in Residence ikerketa programa gidatzen ari den ikerlaria.

Ikerketaren helburua da lankidetzazko gobernantzaren etorkizuna berrirudikatzeko  eta tokiko eraldaketak sustatzeko kontuan eduki beharreko elementuak esploratzea.Egonaldiak ikerketaren hipotesiak izan ditu abiapuntuan: Etorkizunera egokitutako erakunde eta gobernantza-egitura berriak; Finantzaketa-mekanismo berriak; Ekosistema lokalak eta sistema katalizatzaile bezala duten rola; eta Etorkizunaren diseinuan sortu behar ditugun funtzio berriak identifikatzea, besteak beste.

Honela bi eguneko egitarauan lankidetzazko gobernantzaren etorkizunari buruz hausnartu du taldeak, Gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman ereduan sakonduz adituek ekarri dituzten esperientziak aintzat hartuta. Gainera,  ikerketa-hipotesitik abiatuta galdera berriak planteatu dira eta baita ikerketarekin jarraitzeko hurrengo urratsak ere zehaztu ditugu. Horien artean, eraldaketarako ekosistema lokalak maila globalarekin konektatzearen interesa azpimarratu da, eta bereziki nazio txikietan berrikuntza ekosistemen inguruan dagoeneko egiten ari denarekin lotzeko ahalegina egingo da (hala nola Eskozia, Gales, Finlandia, Costa Rica, Islandia izan dira aipatutako adibide batzuk).

Halaber, Arantzazulab-ek edo antzeko laborategiek katalizatu ditzaketen ekosistemak jasangarri egiteko finantzaketa eredu berrien inguruan sakonduko da datozen hilabeteetan, eta hauen eredu ezberdinen inguruan gehiago ikertuko ere. Nazioarteko adituen arreta piztu du gurean gertatzen ari diren hainbat egitasmo eta estrategiek (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz eredua kasu) eta bi eguneko erresidentziak aurrerapauso esanguratsuak ekarri ditu Arantzazulab-en ikerketan. Egon adi hurrengo hilabeteetan gertatuko denaren inguruan.