Lankidetzazko Gobernantza eta Demokrazia dira Arantzazulab-ek unibertsitateekin lankidetzan 2022ko Ikerketa Programan lehenetsitako esparruak

Arantzazulab_IkerketaPrograma_ONA

Arantzazulab-ek 2022ko Ikerketa Programa aurkeztu berri du bere egoitzan, Gandiaga Topagunean (Oñati), Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileekin batera. Hitzorduak, astearte arratsaldean egin dena, zenbait pertsona bildu ditu eraikinaren areto nagusian, Oteiza auditorioan. Era berean, saioa Zoom plataformaren bidez zuzenean ere eskaini denez, hainbatek online jarraitu dute programaren aurkezpena.  

Aurkezpen jardunaldiak jarraipena eman dio Arantzazulab-en sorreratik hiru unibertsitateekin abiatutako bide berritzaileari. Izan ere, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak ikerketa egiteko beste modu bat sustatzen du gure herriko unibertsitate eta ezagutza eragileekin elkarlanean. 2021ean abian jarri zen ezagutza garatzeko Ikerketa Elkargunea, lankidetzan ikerketa kooperatiboa egiteko modu eta espazio berritzailea. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarritutako hausnarketa eta ikerketa elkargunea izatea da Arantzazulab-en balio proposamena. Horrekin bat eginik, Euskal Herriko Unibertsitatea -UPV/EHU-, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea dira Ikerketa Elkargunearen baitan ari diren unibertsitateak.  

Hortxe kokatzen da, hain justu, 3 unibertsitateetako ikerlariak Arantzazulab-en aurkeztu berri dutena: Arantzazulab-en 2022ko Ikerketa Programa eta aurtengo asmoak. Bi dira programarako lehenetsitako ikerketa esparruak: ‘Demokrazia’ eta ‘Lankidetzazko Gobernantza’. “Duela urtebete hiru unibertsitateekin lankidetzan Ikerketa Elkargune hau sortzeko apustua egin genuen. Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro garen heinean, Lankidetzazko Gobernantza eta Demokrazia esparruetatik abiatu gara oinarrizko ikerketa gaiak ditugulako”, nabarmendu du Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. 

Ikerketa Elkarguneko koordinazio taldeko ordezkariak izan dira programa aurkeztu dutenak. Antonio Casado (Euskal Herriko Unibertsitatea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitatea) eta Andoni Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea) ikerlariak 2022rako lehenetsitako ikerketa esparruak azaldu dituzte. Talde motorraren aurrekarien eta gogoeten berri eman ostean, Lankidetzazko Gobernantzaren esparruko asmo nagusia zein den adierazi dute: lankidetzazko gobernantzari buruzko marko teorikoa eta kontzeptuala lantzea. Dagoeneko lurraldean sortutako ezagutzatik abiatuta, nazioarteko ezagutza aurreratuarekin osatuko den oinarrizko dokumentua landuko da. Demokraziaren inguruko ikerketa proiektuan, batetik, gaur egunean demokraziari buruzko oinarrizko galderak identifikatu eta planteatuko dira, eta bestetik, XXI. mendeko erronka berrien argitan, eta gure balioetatik eta eskalatik, Euskal Herrian demokraziari buruz dauden tradizio, kontzepzio eta ikuskera ezberdinak identifikatu, ulertu eta interpretatuko dira. 

Hitzaldi eta solasaldi inspiragarriak 

Hitzorduak hitzaldi inspiragarria ere eskaini du Will Friedman Estatu Batuetako ikerlari eta pentsalariaren eskutik. ‘‘Erresuminaren politikatik, politikaren berrikuntzara’ izenburupean, estatubatuarrak lehenetsitako ikerketa esparruekin uztartu du bere begirada. Izan ere, Friedman-ek iritzi publikoan, demokraziaren berrikuntzan eta deliberazio publikoan ibilbide luzeko aditua da, eta eskarmentu handikoa New York-eko Public Agenda erakundean. Gainera, horren lehendakaria ere izan da azken urteetan. Azken astean Arantzazulab-ekin hainbat lan saio izan ditu, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategia bere arduradunen eskutik ezagutzeko aukera izan ere. 

Aurkezpena bukatu aurretik balio handiko solasaldia ere eskaini dute Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Will Friedman adituak eta Xabier Barandiaran, EHU-ko ikerlariak eta Decidim plataformaren talde sustatzailearen kideak. Hiru solaskideek gogoeta eragin duten hainbat hausnarketa partekatu dituzte, besteak beste, honako hauen inguruan: Lankidetzazko Gobernantza eta boterea partekatzea ; lankidetzarako gobernantza modu esanguratsuagoak, demokrazia zein komunikazioa, eta teknologiaren funtzioa herritarren partaidetza sustatzeko. Saioaren bukaeran Goia zuzendari nagusiak gaineratu du Arantzazulab-ek urtean zehar ikerketek utzitako emaitzak gizarteratuko dituela.