Arantzazulab-ek hainbat berrikuntza ezarri ditu webgunean laborategiko programa eguneratua eta emaitzak gizarteratzeko

WEB_BERRITU_rgazkieredua

Arantzazulab-ek bere lehen urtemuga bete du. Iaz, gaurko egunez, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren aurkezpen ofiziala egin genuen erreferentziazko eragile askoren babesarekin. 2021eko martxoaren 25eko inaugurazio ekitaldiak interesa eta lankidetzarako prestutasuna utzi zuen agerian, izan ere, lurralde ezberdinetako hainbat ordezkari bertaratu ziren ekitaldira: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, unibertsitateak; edota herrigintzaren, euskal pentsamenduaren, kulturaren zein euskalgintzako hainbat erakundetako kideak ere. Lehen urtea eginda, duela egun batzuk lehen urteko balantze bilera egin zen Arantzazulab-en sustatzaile diren erakundeetako ordezkariekin, eta guztiek bat egin zuten  lehen urtearen balantze positibo eta emaitza emankorrak azpimarratzerako orduan. 

Gobernantzaren berrikuntzan jarri du fokoa Arantzazulab-ek, eta bere aurreneko urteko programa kontsolidatu du, bertako zein nazioarteko eragile askorekin lankidetzak abiatuta. Programa horren baitan abiatutako egitasmoak, laborategiaren estrategia eta lehen emaitza eta lorpenak ondo islatzeko, Arantzazulab-ek www.arantzazulab.eus webgunearen diseinua eguneratu egin du, eta hainbat eduki berrantolatu eta berritu ditu.  

Funtsezko tresna ez ezik, atari digitala izaera bizia duen lanabesa da martxan ditugun ekimenak gizarteratzeko eta Arantzazulab-eko lankidetza sarea osatzen dutenekin zein publiko guztiarekin konfiantzazko harremanak izateko. Sei atalek egituratzen dute webgunea: Guri Buruz, Lan Eremuak, Lankidetza Sarea, Gaurkotasuna eta Batzar Zentroa.  

Halaber, diseinua ere egokitu egin da atari erakargarriagoa lortzeko. Egindako lanekin, web-gune dinamikoagoa, bisualagoa, koloretsuagoa lortu da, eta argazkien bidez herritarrei garrantzi handiagoa eman zaie. Ezagutu itzazu www.arantzazulab.eus atariko berrikuntzak!