Tolosan aurkeztu den ELGAren txostenak Euskadin garatutako Herritarren Batzarrak praktika ontzat hartu ditu

Erakunde ezberdinetako ordezkaritza zabala batu da Tolosan demokrazia deliberatiboaren instituzionalizazioari buruz eztabaidatzeko

Tolosaldea Garatzen-en zentroan ospatu da ostiraleko ekitaldia, Tolosako Udalak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) eta Arantzazulab demokraziaren berrikuntzarako laborategiak antolatuta. Goiz osoko saioa izan da eta hausnarketa emankorrak egin dira. Ordezkaritza zabala batu du ekitaldiak: Udal ezberdinetako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko legebiltzarreko ordezkariak, gizarte eragile eta akademiako hainbat ordezkari demokrazia deliberatiboaren hedapenari buruz eztabaida izateko.  

Sustatzaileek ezarritako ekitaldiaren helburuak hauek izan dira: 

  1. OCDE/ELGA erakundeak berriki argitaratu duen “Demokrazia deliberatiboa sustatzen Euskadin” txostenaren aurkezpen publikoa egitea, OCDEko kolaboratzaileen eskutik.
  2. Demokrazia deliberatiboaren esparruan tokiko erakundeek abian dituzten esperientziak ezagutu eta haien garapena partekatzea.
  3. Demokrazia deliberatiboaren hedapenari, instituzionalizazioari eta horretarako baldintzei buruzko parte-hartzaileen arteko hausnarketa eta eztabaida irekitzea 

Saioaren ongi-etorria Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak egin du, eta jarraian Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak hartu du hitza, saioari markoa jartzeko eta Demokrazia deliberatiboaren instituzionalizazioari buruz Arantzazun kokatutako demokraziaren berrikuntzarako laborategitik egindako ibilbidea eta egitasmo ezberdinak aurkezteko.

Eguneko helburu nagusitako bat Euskadiko deliberazio-prozesuei buruz berriki ELGAk argitaratu duen txostenaren aurkezpen publikoa egitea izan da. Txosten hau Arantzazulab-ekin lankidetzan egin da, gurean garatutako Herritarren Batzarren esperientzietan oinarrituta (Gipuzkoakoa eta Tolosakoa, horregatik hain zuzen ere Tolosan aurkeztearen arrazoia).  Mauricio Mejiak, ELGA-ko Politika Analistak eta Herritarren partaidetzaren arduradunak,  Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA), Arantzazulab-ek eta Gipuzkoako agintari publikoek aurrera eramandako egitasmoen ikasketak eta ondorioak jasotzen dituen txostena aurkeztu du. Txosten hau Arantzazulab-ekin lankidetzan egin da, gurean garatu ditugun Herritarren Batzarren esperientzietan oinarrituta. Tolosako eta Gipuzkoako deliberazio prozesuetan (Arantzazulab-ek sustatu eta diseinatutakoak, ELGAren laguntzarekin eta tokiko zein nazioarteko beste eragile batzuekin lankidetzan) eta lurraldeko eragile garrantzitsuekin egindako elkarrizketetan oinarrituta, txosten honek zazpi aukera eremu nagusi identifikatzen ditu lurraldeko herritarren deliberazio-prozesuak indartzeko. Txostenak, halaber, hiru bide proposatzen ditu Euskal Herriko gobernu-maila guztietan deliberazioa sustatzeko eta sistematizatzeko: 1) deliberazio-praktikak instituzionalizatzea, 2) deliberazioa erakunde publikoetan txertatzea, eta 3) deliberazioa gobernuan eta gobernutik kanpo integratzea. Hemen aurkitu dezakezu txostena.

Behin txostena aurkeztuta, tokiko esperientzien unea izan da. Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abian dituzten lanak aurkeztu dituzte, deliberazio-praktikak modu iraunkorrean erakunde bakoitzaren gobernantza estrategietan txertatzeko, eta instituzionalizatzeko. Guztien helburua da Demokrazia deliberatiboan sakontzea eta herritarrak erabaki publikoetan modu esanguratsuagoan engaiatzeko kulturan politikoan aurrera egitea. 

Saioa amaitzeko, saiora gerturatu diren partaideek taldeetan hausnarketa egin dute, Demokrazia deliberatiboa Euskadin instituzionalizatzeko ELGAren txostenean proposatutako gomendioen inguruan: zeintzuk dira aukerak eta erronkak? Zein dira erakundeetako eta sistema politikoko baldintzak?   

Aurrekariak 

Arantzazulab-ek ordezkaritzako sistemaren osagarri izan daitezkeen beste prozedura demokratiko batzuk esperimentatzeko hautua egin du laborategiaren sorreratik, demokrazia deliberatiboagoan sakontzeko, eta herritarrek agenda publikoan duten inplikazioa eta parte-hartzea areagotzeko tresna  berriak proposatzen ditu.  

Deliberazioa hedatzeko eta lankidetzazko gobernantza praktikara eramateko mekanismo bat bezala hartuta, laborategiaren lehen urtean bi  “Herritarren Batzar” sustatu eta abian jarri zituen laborategiak beste hainbat eragilerekin lankidetzan modu aitzindarian lehenengoz gurean: “Tolosako herritarren batzarra” udal baten mailan eta Gipuzkoako Herritarren Batzarra lurralde mailan. Ekimen isolatuak baino, modu iraunkorrean erakundeen gobernantza estrategia zabalago baten markoan garatu beharreko egitasmoak bezala ulertzen ditu hauek Arantzazulab-ek. Hain zuzen ere, bi egitasmo hauekin Arantzazulab-en azken helburua da demokrazia deliberatiboaren inguruko ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak sortzea eta euskal erakundeetan deliberazio-prozesuak instituzionalizatzeko baldintzak sortzea herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko. Egun Euskal Herriko erakunde ezberdinekin Herritarren Batzar berriak diseinatzen dihardu laborategiak baita berrikuntza demokratikoko tresna hau instituzionalizatzeko lanketan ere. Eta marko horretan kokatu da, beraz, Tolosako saioa.

Demokrazia Deliberatiboa Euskadin hedatzeko aukera-eremuak 

Deliberazio-prozesuak arrakastaz instituzionalizatzeko tokiko lege-, kultura-, erakunde- eta administrazio-testuinguruaren arabera egokitu behar direla aitortuta, gida hau eta bere gomendioak erreferentzia baliotsua izan daitezke Espainiako beste lurralde eta udalerri batzuetako arduradun politikoentzat, eta baita ELGA-ko herrialde guztientzat ere, deliberazio publiko iraunkorrago eta sistemikoago baterantz aurrera egiteko. 

Horrela, bere txostenean, Tolosako kasua jardunbide egokitzat hartu du  ELGA-k eta ebaluazio independenteak zazpi aukera-eremu aurreikusten dituzte etorkizuneko deliberazio-prozesuen kalitatea eta inpaktua handitzeko: (1) publiko zabalarekiko lotura indartzea, zuzenean parte hartu zutenez gain; (2) deliberazio-gaiaren hautaketa sinplifikatzea; (3) informazioaren hedapena hobetzea; (4) zerbitzari publikoak inplikatzea gomendioen bereganatzea indartzeko; (5) gobernantza-egitura egokia ezartzea; (6) ebaluazioa sistematizatzea, eta (7) jarraipena egitea. 

Gaur Tolosan aurkeztutako txostenaren laburpena esteka honetan aurkitu daiteke: bertsio laburra hiru hizkuntzetan (euskaraz, gazteleraz eta ingelesez), eta txosten osoa ingelesez.

Gainera, txostenean jasota geratu den bezala, Arantzazulab-en rola prozesu hauek bultzatzerakoan indargune bat izan zen; izan ere, Gobernuarekiko autonomiak, lankidetzazko gobernantzaren ezagutza praktiko sendoak eta erakunde publiko zein ez-publikoek aitortzen dioten zilegitasunak, ingurune operatibo sendoa eta esperimentaziorako espazio irekiak sortzen lagundu zuten. Arantzazulab-ek tokiko eta nazioarteko erakunde ezberdinekin, lankidetzan, lanean jarraituko du datozen hilabeteetan hausnarketa honekin zein eremu ezberdinetan praktika berrien inplementazioarekin.