Arantzazuko eragileek elkarren arteko harremanak sendotu dituzte gosari-topaketa batean

Arantzazulab_Arantzazuko-Eragileak

Arantzazun eta bere inguruetan dihardugun eragileak gosari-topaketa egin dugu uztailaren 7an, asteazkena, Arantzazulab-en egoitzan. Hitzordu berezi honek hiru helburu izan ditu. Aurrenekoa, Arantzazulab aurkeztea, eta aro berri honetako asmoak eta helburuak partekatzea. Bigarrena, Gandiaga Topaguneko Batzar Zentroko azpiegitura eraberrituak erakustea eta espazio ezberdinak bisitatzea. Eta azkenik, Arantzazuko ekosistema sarea osatzen dugunon artean elkar hobeto ezagutzea eta gure arteko harremanak sendotzea.

“Topaketa hau behar-beharrezkoa zela iruditzen zaigu ingurune honek duen eskaintza zabala balioan jartzeko eta Arantzazu biziberritzeko”, azpimarratu du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. Izan ere, jarduera nagusia laborategia izanik ere, Arantzazulab-ek baditu beste egiteko hauek ere:  Gandiaga Topaguneko Batzar Zentroaren kudeaketa zein ustiapena; Arantzazuko ondarea sustatzea eta dinamizatzea; eta Arantzazuko ekosisteman dauden zerbitzuen eskaintza zabala integratzea, balioan jartzea eta ezagutzera ematea. Horrela, ikuspegi integrala ardatz, Arantzazura askotariko jendea erakarri nahi da, eta baita bertan dagoen ekosistema biziberritu ere.

Topaketan Arantzazuko eragile mordoa izan dira, hala nola: Arantzazuko Frantziskotarrak, Oñatiko Udala, Debagoiena Mankomunitatea, Arantzazuko Aterpetxea, Arantzazuko Santutegiko Hotela, Sindika Hotela, Goiko-Benta, Zelai-Zabal, Milikua, Arantzazuko Denda, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Arantzazu Aldizkaria, Arantzazuko Adiskideak Elkartea, Gomiztegi Artzain Eskola, Oinatur Kooperatiba eta Beinke enpresa.

Loturak identifikatzen

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak ireki du saioa bertaratutakoei azalduz laborategiaren ekimenak zein hasierako helburuak zein diren. Jarraian, eragileek batzar zentroko espazio eraberrituak eta Arantzazulab-eko bulegoak bertatik bertara ezagutu dituzte. Ondoren, gosari baten bueltan, eragileak multzoka banatu dira. Bakoitzak bere burua aurkeztu ondotik, elkarren arteko ezagutzan areagotzea eta konexioak indartzea helburu izan dituen ariketa egiteari ekin diote. Horretarako txantiloi bat bete egin behar izan dute. Eskatutakoa eginda, Arantzazulab-eko ordezkariek txantiloi guztiak arbel batean itsatsi dituzte eta eragile ezberdinen artean dauden eta garatu daitezkeen loturak identifikatu dituzte. Ariketa honek eman dio bukaera, hain justu, topaketari.