Arantzazulab-en egitura sendotu dugu lantaldera bi lankide berri gehituta

Leire_AneMiren_Bateratua

Arantzazulab-ek, gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia dena, gizarte berrikuntza laborategiaren programa kontsolidatu du eta laborategiari oinarri sendoa ezarri dio 2021ean, bere estreineko urtean. Anbizio handiko programa horri 2022an jarraipena emateko xedez, aurtengo urtearen hasieran bi hautapen-prozesu abiatu genituen lantaldea sendotutzeko.

Prozesuak bukatuta, zenbait aste badira Arantzazulab-en bi kide berriak iritsi zirenetik. Leire Lizarralde Arantzazulab-eko Administrazio eta Azpiegituren arduraduna da. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da (Mondragon Unibertsitatea), finantza arloko espezializazioa du, eta nagusiki, laborategiko kudeaketa ekonomikoaz eta legalaz arduratzen da; Horrez gain, azpiegituren kudeaketa eta mantenua ere bere gain hartu ditu, Arantzazuko ekosistemaren kudeaketarekin batera. Lizarraldek ia hamarkada bateko lan eskarmentua pilatu du LKS Auditores enpresaren baitan (Aretxabaleta) bai mota zein tamaina ezberdineko erakundeen finantza egoerak aztertzen, eta baita proiektu ekonomikoen gastu-kontrola egiaztatzen ere.

Halaber, Ane Miren Valenciano da gizarte berrikuntza proiektuen kudeaketaz arduratuko den lankide berria. Arantzazulab-en gizarte berrikuntzako programaren baitako hainbat egitasmo garatzeko ardura izango du bere gain, baita abian diren egitasmo ezberdinak lagunduko ere. Valenciano Industria Diseinuko ingeniari teknikoa da (Bartzelonako Diseinuko eta Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola -ELISAVA-), eta master hauek ditu: Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterra (Mondragon Unibertsitatea) eta Produktu eta Espazioen Diseinuko Masterra (Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa). Bere ibilbide profesionalean gizarte berrikuntza proiektuen garapenean oinarritu da (Essl Foundation), ikerketa-proiektuetan ere (Mondragon Unibertsitatea). Azken urteotan, bere ikerketa-jarduera Mondragon Unibertsitateko irakaskuntzarekin uztartu du berrikuntzaren kudeaketarekin, gorabidean dauden sektore berriekin eta sormenarekin lotutako gaietan. Gainera, Mondragon Unibertsitatearen bitartez, helburu sozialeko enpresei eta erakundeei laguntzeko lanetan jardun da, proiektuen portfolioa nahiz proiektuak kudeatzeko zein kudeaketa-prozesuak hobetzeko eremuetan, esate baterako, Debagoiena 2030 ekimenean.