Arantzazulab-ek, ELGA/OCDErekin batera, Euskadin deliberazio prozesuak instituzionalizatzeko ezagutzan sakondu du Tolosan
Deliberazio egitasmoak instituzionalizatzeko aukerei buruz gogoeta egitea eta Tolosako Herritarren Batzarra diseinatzea izan dira ekainaren 8an eta 9an Topic zentroan (Tolosa) egin ditugun ikasketa saioen helburuak. Formakuntza eta lan jardunaldiak ELGA/OCDE erakundeko bi nazioarteko adituk gidatu dituzte: Claudia Chwalisz-ek eta Ieva Česnulaitytė-k. Bi egunetako saioek jarraipena eman diote azken hilabeteetan antolatutako hainbat bilkurei.
Aurreneko egunean, ELGA-ko ordezkariek azaldu dituzte: herritarren deliberazio-prozesuak instituzionalizatzearen oinarrizko arrazoiak eta onurak, kontuan hartu beharreko faktoreak, eta gaur egun arte deliberazioa instituzionalizatzeko jarraitu diren moduen ikuspegi orokorra. Aldiz, bigarren egunean, deliberazio-prozesuak instituzionalizatzeko adibide zehatzetan sakontzeko aukera izan dugu. Ikasketen egitarauan baitan nazioarteko zenbait adituek kasu inspiragarriak aurkeztu dizkigute. Yves Dejaeghere-k (Federation for Innovation in Democracy Europe -FIDE- erakundeko zuzendari Exekutiboa), The Ostbelgien model egitasmoa azaldu du; Arantxa Mendiharat-ek (Deliberativa) Madrilgo Hiri Behatokiaz hitz egin digu; Claudia Chwalisz (OCDE/ELGA) Paris Permanent Citizens’ Assembly ekimenaz jardun da; eta azkenik, Felipe Rey-ek (Javeriana Unibertsitateko irakasle laguntzailea eta Ideemoseko kide fundatzailea) eta María Alejandra Victoria-k (Demolab) Asamblea Ciudadana Itinerante del Concejo de Bogotá egitasmoaren nondik norakoa aletu dute.
Nazioarteko esperientziak ikertuta, zera ondorioztatu daiteke: aukerak sortzen baditugu pertsona gehiagok, maiztasun jakin batekin, Herritar Batzarretan parte hartzeko: batetik, politika eta zerbitzuak hobetzen pertsona gehiagok rol aktiboa izango lukete; eta bestetik, parte hartzeak norbanakoarekiko zein besteekiko eragindako pertzepzio positiboak hedatuko lituzkete. Ondorioz, gizarteko konfiantza eta kohesioa indartuko litzateke. “Deliberazio publiko ordezkatzailea tresna bat da, beste hainbaten artean, gobernantza inklusiboagoa sustatzeko, herritarrei paper protagonista ematen dielako zenbait erabaki publiko hartzerako orduan”, nabarmendu du Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.
Tolosako Herritarren Batzarra
Ikasketa saio hauetan, Tolosan abiatuko den Herritarren Batzarreko hainbat eragile gakok parte hartu dute. Tolosarrekin egingo den prozesuari begira, urrian abiatuko dena, balio handiko saioak izan dira Topic-en egin direnak, izan ere, bere diseinuan eta inplementazioan sakontzen jarraitzeko balio izan dute. Era berean, Arantzazulab eta ELGA-ko ordezkarien partaidetzarekin, Tolosako Udalak ekimen berritzailea aurkeztu du hedabideen aurrean. Deliberazio-prozesuan osasun eta ongizate emozionalaren gaiari helduko zaio honako galdera hau abiapuntu hartuta: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?. Udal ordezkariek prentsa agerraldian azaldu bezala, herritarrekin deliberazio prozesua udazkenean abiaraziko da, eta guztira, 32 tolosarrek parte hartuko dute deliberazio egitasmoan.
“Irailean egingo da zozketa zibikoa eta herritarrek izena emateko epea zabalduko da, hau da, Herritarren-Batzarra osatzeko gonbidapena jasoko dute ausaz aukeratutako tolosarrek, betiere tolosar komunitatearen aniztasuna kontuan hartuta”, azaldu dute udal ordezkariek. Honi buruzko informazio gehiago hemen. “Tolosako egitasmoa esperientzia garrantzitsua da, herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugunontzat. Tolosan abiatutako ekimenean nazioarteko bidelagunak izatea garrantzitsua da ezagutza geureganatzeko, tokiko gaitasunak garatzeko eta herritarrak agenda publikoaren eraikuntzan modu esanguratsuan inplikatzeko”, adierazi du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. Horren harira, ELGA-ko Claudia Chwalisz adituak gaineratu du: “Espero dut Tolosako esperientzia lehen pausoa izatea, Euskal Herrian erabaki publikoak hartzen direnean, herritarren deliberazio parte-hartzea modu iraunkorragoan izateko konpromisoan”.