Arantzazulab-en “Erronka Astea” ekimenaren edizio berri bat nazioarteko hainbat ikaslerekin
Egitasmo honekin eta metodologia berritzaile baten bitartez, gizarte erronketara belaunaldi berriak erakartzea bilatzen da, Arantzazun bakarrik bizi daitekeen astebeteko egonaldian.
Azaroaren 27tik abenduaren 1era bitartean Mondragon Unibertsitateko LEINN arts & global graduko nazioarteko 20 ikaslek Arantzazulab-en egonaldia egin zuten. Astelehenean hasi eta ostiralera bitartean, Arantzazulab-en helburuekin zerikusia duten galdera sorta honen inguruan ideia berritzaileak proposatzeko lan egin zuten:
- Zer egin daiteke herritarren konfiantza areagotzeko erakunde publikoengan?
- Nola konektatu ditzakegu erakunde publikoak eta gazteak?
- Nola indartu gazteen parte-hartzea erakunde publikoetan eta agenda publikoan?
- Nola birpentsatu eta eraldatu ditzakegu erabakiak hartzeko prozesuak diziplina berriak baliatuz eta gauzak egiteko modu berriak balioan jarriz?
LEINN graduko coach-ek eta Arantzazulab-eko kideok elkarlanean diseinatu dugun ikasketa esperientzia izan da. Diseinuan parte hartu duten Mondragon Unibertsitateko bi ordezkariek horrela deskribatu dute bizitako esperientzia:
Arantzazulab “Erronka Astea” – Metodologia berritzailea eta esperientzia bakarra Arantzazun
Ikasle talde honen egonaldia, Arantzazulab-en “Erronka Astea” egitasmoaren baitan kokatzen da. Askotariko diziplinetatik datozen ikasleak gonbidatzen ditugu Arantzazura astebetez lan egitera, guk proposatutako erronkari erantzuteko lanketa egin dezaten. Labur azaltzeko, “Erronka Astea”-ren prozesuak jarraian deskribatzen diren urrats hauek barne hartzen ditu.
Arantzazulab-era etorri baino bi aste lehenago gaia eta erronka aurkezten zaie ikasleei, eta horretan sakontzeko abiapuntuko materialak partekatzen zaizkie. Ikasleek material horiek aztertu eta testu labur batean beraien abiapuntuko gogoetak jaso behar dituzte.
Ondoren, “Erronka Astea”-ren lehen egunean, eta gaian sakontzen hasteko Arantzazulab-eko lan taldeak erronka berriz ere aurkezten die ikasleei, hauek gogoeta prozesua abiatu dezaten. Egonaldiaren lehen bi egunak, gaia ikertzeko egunak dira. Inkestak, elkarrizketak, online bilaketak, telefono deiak edo beste esplorazio teknikak jarraitzen dituzte gaian sakontzeko. Esplorazio lanean, tokiko beste eragileekin gogoetarako lagungarriak izan daitezkeen saioak izan ditzakete ikasleek (berrikuntza eragileak, erakunde publikoak, eta abar), beraien lana bideratzen laguntzeko.
Egindako ikerketan oinarrituta, ikasleek hainbat ideia proposatzen dituzte erronkari erantzuteko. Astearen erdian (asteazkenean), Arantzazulab-eko kideekin ideien kontrastea egin ohi da, besteak beste: zalantzak argitzeko, gurean zein nazioartean abian diren egitasmoekin konexioak identifikatzeko, baita garatzeko aukera duten kontzeptuak lehenesteko ere.
Astearen amaieran, lehenetsitako kontzeptuak garatzen dituzte ikasleek. Kasuan kasu, eta beraien diziplinaren arabera, modu desberdinetan aurkezten dituzte ideiak; esate baterako, artelanen, diseinuen, antzezlanen, testuen edo bideoen bitartez. Prozesuan zehar hobesten da irudimenari lekua egitea, edota ideien diseinurako nahiz prototipaziorako berritzaileak diren teknikak eta metodoak erabiltzea.
Eta amaitzeko, Arantzazulab-etik erakunde publikoen eta tokiko eragileen eskura jartzen dira gazteek garatutako ideiak.
Arantzazuk, gainera, esperientzia hau bizitzeko toki paregabea eskaintzen du, eta bertako bake-energian eta naturaren-handitasunean kokatzen den espazio bat aurkitzen dute ikasleek, lanketa emankorrak egiteko toki ezin hobea eskainiz. “Erronka Astea”, gainera, bizikidetza esperientzia batean bihurtzen da, ikasleek 24 ordu elkarrekin pasatzeak elkar hobeto ezagutzeko, talde-kohesioa indartzeko eta ikasgelatik at kalitatezko denbora elkarrekin pasatzea ahalbidetzen dielako ikasleei.




Halaber, aste osoan ikasleek izaten duten lana bizia eta sakona bada ere, aisialdirako denboran Arantzazuren historia gertutik ezagutzeko zein bertako lekuak bisitatzeko modua errazten diegu, tokiko kulturarekin eta balioekin lotura ere ulertzeko.
Arantzazulab-ek unibertsitate ezberdinetako zein diziplina anitzetako ikasleekin “Erronka Aste” bat antolatzen du urtean behin, gutxienez, esperientzia honen balio erantsian sinetsita.
LEINN graduko ikasleekin “Erronka Astea” aurten
Horrela, aurtengo edizioan prozesu honetan murgilduta egon dira Mondragon Unibertsitateko ikasleak azaroaren azken astean. Aipagarria da aurtengo taldeko ikasle-taldearen izaera anitza eta globala bertako zein nazioarteko hamaika herrialdetako ikasleak izan direlako gurean, hala nola, Hego Korea, Armenia, Kenia, Marruekos, Andorra edota Euskal Herria.
Lau taldeetan banatuta egin dute lan eta prozesua gurean zein nazioarte mailan (Kenian, Marruekosen, Argelian, Andorran, Korean, besteak beste) egindako ikerketarekin hasi dira. Informazioa jaso dute inkesta, elkarrizketa eta bideokonferentzien bidez. Herrialde guztietan gailendu den kezka izan da gazteak ez direla politikari edo erakunde publikoen aldetik ordezkatuta sentitzen; eta horrekin batera, denek azaldu dute demokraziari buruz zein erakunde publikoei buruz ezagutza oso mugatua dutela. Horrela, talde denek amankomunean agertu dituzten jarrerak izan dira “kexatu bakarrik ez, baizik eta soluzioaren parte izan nahi dutela” eta “txikitatik demokraziari buruzko ezagutza garatzea ezinbestekoa dela”.
Ikerketa-fase horren ostean, ideia zerrenda luzea proposatu dute eta horien artean, talde bakoitzak bi edo hiru kontzeptu eraman ditu asteazkeneko kontraste saiora. Feedback saioa fishbowl teknika erabiliz egin da: zentroan beraien ideiak aurkezten ditu taldeak, eta Arantzazulab-eko zein TZBZ-ko kideek garatutako ideiei buruz hausnarketa egiten dute; aldiz, inguruan diren gainerako ikasleek zein irakasleek behatzaile rolean parte hartzen dute.
Kontzeptuak garatzeko garaian, graduak uztartzen dituen Artea eta Enpresagintza alorretako indarguneak baliatu dituzte ikasleek. Askotariko materialak erabiliz, ideia aberatsak garatzen joan dira astearen azken egunetan.
“Erronka Astea” amaitzeko, azken egunean, abenduaren 1ean ostirala ,lau kontzeptu aurkeztu dizkiote 10 pertsonez osatutako ebaluatzaile panelari. Ebaluatzaileen panelean Arantzazulab-eko ordezkariek eta laborategiaren ekosistemako hainbat aditu eta profesionalek parte hartu dute (ikertzaileak, unibertsitate irakasleak, berrikuntza profesionalak), eta beraien rola ikasleek aurkeztutako proposamenak baloratzea eta feedback-a eskaintzea izan da.
Sormen maila handiko ideia landuak aurkeztu dituzte ikasleek, hurbilpen ezberdinetatik garatutako proposamenekin: gazteek herrigintzan zein politikagintzan duten interesa areagotzeko hezkuntzan eragitea, teknologia berrien aplikazioa, edo komunitate baten garapena, kasu. Aurkezpen guztiak eta ikasleen bizipenei buruzko lekukotzak euskarri ezberdinetan jaso egin dira:
1-Ragna taldeko kide batzuek “The Queens” aurkeztu dute: lau urratsetako akzio plana politikarekiko interesa gazteengan pizteko.
2-Ragna taldeko gainontzeko kideek “Transparent vote” kontzeptua jorratu dute: teknologiaren bidez digitalki bozkatzeko aplikazioaren garapena.
3-Astra Ceneca taldeko kide batzuek “Ekklesia” aurkeztu dute: gazteen parte hartzeko gaitasunak garatzeko elkartea, betiere, politika ulerterraza egiteko eta horri buruzko informazioa denen eskura jartzeko.
4-Astra Ceneca taldeko gainontzeko kideek “Elkar-Ekin” ideia landu dute: komunitatearen garapenerako foroa, gazteen parte-hartzea sustatzeko.
Talde bakoitzaren aurkezpenaren ostean, 10 adituek osatutako panela bildu egin da talde bakoitzaren feedback-a batzeko, eta bukaera gisa, paneleko kideek talde bakoitzari azaldu dizkie: identifikatutako indarguneak, erronkak, galderak eta ideiarekin aurrera egiteko proposamenak.
Mondragon Unibertsitateko ikasleek zein irakasleek esperientzia oso positiboa izan dela adierazi dute, eta horrela jasoa geratu da talde bakoitzeko kide bati zein graduko irakasleei egindako elkarrizketetan.

Egitasmoa zabalduz. Parte-hartzera gonbidapena
“Erronka Astea”-k Arantzazulab-ek duen misioari erantzuteko gazteen gogoetak eta ideiak jasotzeko abagunea eskaintzen du; gazteen ezagutza, esperientziak zein ikuspegiak ulertzeko aukera, alegia. Horregatik, beti zabalik gaude ikasle talde berriekin horrelako esperientziak sustatzera, bertako zein nazioarteko unibertsitateekin elkarlanean.
Animatzen zarete gurekin batera “Erronka Astea” egitera? Nahi al duzue paregabeko esperientzia bat bizi? Jarri gurekin harremanetan!