Lankidetzarako eredu berriak esperimentatzen

Euskal Herriko ko-sorkuntza ekosistemaren baitan, azken urte honetan bost lan taldetan egon gara lanean, azkenengo blogpost-ean azaldu bezala. Saretu eta konektatu taldeak ko-sorkuntzako eragileak zein proiektuak bisibilizatzeko eta loturak esploratzeko ekintzak aurrera ateratzeko helburua du. Horrela, tokiko eragile ezberdinekin konektatze aldera, aurreko azaroaren 17an, Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW23)-aren baitan, lankidetzarako eredu berriak esperimentatzeko topaketa antolatu genuen.   

Aurtengo BBDW23ak ARTIKULAZIOA izan du ardatz, bi helburu elkar konektatuz. Alde batetik, diseinuak gure antolatzeko, produzitzeko eta bizitzeko moduak hobetzeko eta berritzeko izan dezakeen harremana aztertzeko, eta beste alde batetik, modu horiek diseinuaren ekosisteman nola eragin eta hobetu dezaketen hausnartzeko. 

Saioaren diseinua zaintzeko eta prestakuntzari dagokion balioa emateko, ko-sorkuntza espazioan berariazko lantaldea sortu genuen. Lantalde honen ardura izan da, beraz, saioa antolatu eta bertan gertatuko zena diseinatzea. Honek, lantalde ezberdinen ikuspegia saioan txertatu eta kontakizuna aberastea ahalbidetu du.   

Topaketak, ko-sorkuntza ekosistemaren ibilbidea eta ikasketak partekatzeko eta tokiko zenbait eragilerekin konektatzeko helburua izateaz gain, antzeko ekosistema zein sareen egituraren eta harreman eredu berrien inguruko hausnarketa luzatzea ikusi genuen interesgarri. Izan ere, ko-sorkuntza ekosisteman zenbait elementuren inguruko esperimentazioa eta hausnarketa hasi dugu, horien artean, topaketaren zentro bilakatu zen galdera: Nola egin genezake lidergo indibidualetik lidergo partekaturako bidea? Zeintzuk dira beharrezko baldintzak?  

Galderan gutxinaka murgiltzeko helburuarekin, hasteko, gure ko-sorkuntza ekosistemaren ibilbidea azaltzeko garaian lidergoaren bilakaera nolakoa izan den azpimarratu genuen. Ondoren, elkar ezagutzeko dinamika bat proposatu genuen, eta partaide bakoitzari eskatu genien bere erakunde edo azken proiektuan TEAL ereduak proposatzen dituen lidergo moten arabera kokatzeko. Lidergo mota desberdinak koloreen arabera identifikatu ziren: 

  • Gorria: komunitate primitiboetan du jatorria, eta bere autoritatea beldurrean bidez erabiltzen duen lider boteretsuan oinarritzen da  
  • Anbarra: hierarkia ez du botereak definitzen, estatusak baizik, Epe luzeko ikuspegia, prozesu egonkorra eta rol formalak sortzen dira.  
  • Laranja: meritokraziak estatusari desafio egiten dio, eta haren aurrerapenak berrikuntza sistematikoa edo antolakundeko kideen arteko erantzukizun partekatua barne hartzen dute.   
  • Berdea: alderdi guztien ongizatean jartzen du arreta (bezeroak, langileak, komunitateak, eta abar) eta erakundeko kideen ahalduntzea bilakatzen du.  
  • TEAL: erakunde batek autogestioa eta eraginkortasuna batzen dituenean sortzen da. Helburu batzuk lortzeko bidea izateaz gain, bere helburu ebolutiboa du.   

Ariketa honek lidergo ezberdinak irudikatzen lagundu zuen eta hauen arteko mugak batzuetan oso argiak ez direla azaleratu zuen. Erakunde askoren helburua TEAL eredua bada ere, eta hau proiektuen arabera zeharka lantzen dela ikusten bada ere, zintzotasun batetatik aztertuta, partaideen artean laranja eta berderako joerak nabarmendu ziren gehienbat.

Lidergo-eredu ezberdinen ariketa eginda eta hauen bilakaera posibleei buruzko gakoak presente genituela, hurrengo urratsa, alegia, lidergo partekaturako baldintzak eta moduak lantzeko modu esperimentalean egitea proposatu genuen. Horrela, 4 talde sortu genituen eta talde bakoitzak gogoeta egiteko forma edota artefaktu desberdinak erabili zituen: bertsoa, antzerkia, objektua eta irudi grafikoa.

Artefaktuek hausnarketa modu ezberdinean adierazteko aukera eman zuten eta ateratako ondorioak honakoak izan ziren:

  • Partaide bakoitzak, hausnarketa, berak aukeratutako artefaktuaren bidetik lantzeko aukera izateak, elkarrizketarako lehen espazio konpartitu batetik egitea ahalbidetu zuen. Espazio eroso baterako bidea sortuz.  
  • Espazio komunak sortzea, elikatzea eta zaintzea beharrezkoa ikusten da desberdintasunak azaleratu eta horien arteko loturak identifikatzeko eta talentu guztiak balioan jartzeko.  
  • Kultura berri bat lantzen ari gara eta horrek denbora eta malgutasuna eskatzen ditu.
  • Norabidea partekatua izatea eta konfiantzazko espazioan aritzea ezinbestekoak dira, hau ondo finkatu ezean pertsona bakoitzaren lidergo naturala lantaldearen zerbitzura jartzea zaila egiten da.  
  • Hasiera batean lantaldeak esperientziadun roletan oinarritu ziren lehen pausoak ematerako orduan. Gero naturaltasunez eta modu organikoan beste lidergoak naturalki azaleratzea ahalbidetu zuen.

Emaitza gisa eta egindako lanaren aztarna bezala, sortutako bertsoa Bilbao Bizkaia Design Week-eko arrezifean uztea erabaki zen. Topaketak, aukera eman zuen tokiko eragile ezberdinei ko-sorkuntza ekosistema aurkezteko eta konexio berriak sortzeko. Era berean, interesa azaldu eta bertaratzeko aukera izan ez zuten eragile ezberdinekin konexioa ahalbidetu du. 

Mantra – bertso honek lidergo partekaturako bidea errazten digu, has gaitezen guztiok hitz eta ekintza hauek barneratzen egunero abestuz.

Ko-sorkuntza ekosistemaren kideak ondorengoak gara: Arantzazulab, Apitropik, Beta, Be&Lab, Colaborabora, Elhuyar, Emun, Farapi, Impact Hub Donostia, JM aholkularitza, Kutxa fundazioa, Maraka, Pez estudio, Tipi eta Wikitoki. 

Eta Saretu eta Konektatu lan taldean parte hartzen dugu: Arantzazulab, Elhuyar, Kutxa Fundazioa, ImpactHub Donostia eta ColaBoraBora.