Ate-joka Nazioarteko Herritarren Batzarrak ezagutzeko jardunaldiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab-ek eta TMeLab Gizarte Berrikuntza laborategiak elkarlanean antolatuta, nazioarteko herritarren batzarrak ezagutzeko jardunaldiak izango dira ekainaren 7an. Hitzordua Donostiako Miramar Jauregian izango da, arratsaldeko 16:30etik 19:30era. ‘Deliberazio-olatua munduan: Herritarren Batzarrak. Nazioarteko esperientziak’ izenburupean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak emango die hasiera jardunaldiei, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, foru ordezkari politikoek, tokiko erakunde publikoetako ordezkariek, lurraldeko eragile sozialek, akademiako adituek eta interesa duten herritarrek.
Egungo testuinguruan parez pare ditugun erronkei erantzuteko herritarren eta erakunde publikoen arteko lankidetza modu berriak beharrezkoak direla dioten joerak entzuten ditugu maiz. Nazioarte mailan ikuspegi berritzailea garatzen ari da, erakunde eta gizartearen arteko lankidetza nahiz gobernantza eredu berriak aldarrikatuz. Eredu horien artean deliberazio-olatuaz hitz egiten da, eta eredu horietako bat mundu mailan hedatzen ari diren Herritarren Batzarrak dira.
Herritarrekin Lankidetzazko Gobernantza modu berrietan sakontzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab-en eta TMeLab Gizarte Berrikuntza laborategiaren arteko lankidetzaren bitartez, landa eremua eta klima uztartuko dituen Herritarren Batzarra sustatuko du, nekazal jarduerak izan behar duen papera balioan jarriz. Egun, Herritarren Batzarra diseinu fasean dago, eta helburua da prozesua 2022ko amaieran eta 2023ko hasieran inplementatzea.
Partaideak
Hau horrela izanik, eta Herritarren Batzarrak direlako deliberazio–prozesu hauen inguruko ezagutzan sakontzeko, ekainaren 7an jardunaldi bat antolatu dugu nazioarteko esperientziak gurera ekartzeko zein demokrazia deliberatiboaren nazioarteko erakusle handienei entzuteko. Saio horien xedea da Europako hainbat herrialdetan sustatutako Herritarren Batzarrak egitasmoak ezagutzea (Danimarka, Eskozia, Irlanda eta abar). Hain justu, jardunaldietan parte hartuko dute: Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia, Urko Aiartza, TMeLab-eko zuzendari nagusia, Arantxa Mendiharat (Deliberativa); Claudia Chwalisz (OCDE/ELGA) Stephen Gethins (St. Andrews Unibertsitatea, Eskozia), Óliver Escobar (Edinburgoko Unibertsitatea, Eskozia); Lars Klüver (Danish Board of Technology, Danimarka) eta Graham Smith (KNOCA).