Nazioarteko deliberazio-olatuak Miramar hartu du herritarren batzarrak ezagutzeko jardunaldien eskutik
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab-ek eta TMeLab Gizarte Berrikuntza laborategiak elkarlanean antolatutako jardunaldiak izan dira Donostiako Miramar Jauregian. ‘Deliberazio-olatua munduan: Herritarren Batzarrak. Nazioarteko esperientziak’ izenburupean, ekitaldiak ehun pertsona inguruko elkartu ditu, bai Miramarren bertan eta baita streaming bidez ere. Bi izan dira hitzorduaren helburuak: Europako hainbat herrialdetan (adibidez, Danimarka, Eskozia edota Irlanda) sustatutako herritarren batzarrak gertutik ezagutzea; eta tokiko eragileen artean ezagutza garatzea Gipuzkoako Herritarren Batzarra abian jartzeko.
Astearte arratsaldean izandako hitzorduari Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eman dio hasiera: “Ikusten duguna da Gipuzkoan edo Danimarkan, gizartea eta erakundeen arteko urruntze horren inguruko kezka dagoela eta, han eta hemen, gerturatzeko eredu berriak garatu eta sustatzeko lanean ari garela”. Urko Aiartzak (TMeLAb-eko zuzendaria) eta Arantxa Mendiharatek (Deliberativa) jardunaldien nondik norakoen berri emanda eta deliberazio-prozesuen printzipioak aurkeztuta, OCDE/ELGA-ko ordezkaria den Claudia Chwalisz-ek abiatu du nazioarteko hitzaldi-sorta. Demokrazia Deliberatiboan nahiz berrikuntza demokratikoan mundu mailako aditu honek, azken bost urteetan mundu mailan erreferentzia diren hainbat kasu eta ikerketa argitaratu ditu, besteak beste, Catching the Deliberative Wave izenekoa. “600 kasu jaso ditugu mundu osoan, eta ulertu dugu prozesu horiek ondo diseinatuta baldin badaude, eragin handiagoa izan dezakegula erakunde demokratikoen birdiseinuan”, nabarmendu du Chwalisz-ek.
Jarraian, Eskoziako Herritarren Batzarrak ezagutzeko aukera izan da Stephen Gethins (St. Andrews Unibertsitatea) eta Óliver Escobar (Edinburgoko Unibertsitatea) adituen eskutik. “Politikan parte hartu duen norbait naizenez, badakit erantzunak eta konponbideak ez datozela maila politikotik. Gure komunitateetako gizarte zibilaren irtenbideek bultzatzen dute eraldaketa”, adierazi du Gethins-ek, Eskoziako Parlamentuko kide ohia, Energia eta Klima Aldaketari buruzko Eskoziako lehen ministroaren aholkulari izandakoa eta Klima Aldaketari buruzko Taldeko kidea. Halaber, Eskoziako lehen Herritarren Batzarra (2019-2020) ikertu eta bertako Klima Batzarreko Gobernantza Taldeko kidea (2020-2021) izan den Escobarrek azpimarratu du: “Eskozian bi Herritarren Batzar eta zenbait eztabaida-esperientzia izan ditugu… Egun, berrikuntza demokratikoaren arloa garatzen ari da, eta erakunde publikoen eta herritarren arteko tartea berrantolatzen saiatuz”.
Bestalde, Lars Klüver (Danish Board of Technology, Danimarka) Danimarkako Teknologia Kontseiluko zuzendaria ere Miramarren izan da. Aditu honek 35 urte baino gehiagoko esperientzia du herritarren eta alderdi interesdunen partaidetzan, hain justu, gizarte gai garrantzitsuei buruzko aholkularitza politikoan. Danimarkan egindako bi Klima Batzarrak erraztu dituen Klüverrek zera dio: “Herritarren batzarrak tresna garrantzitsuak dira justizia demokratikorako. Danimarkan, prozesuak baliozkoak izan dira gobernuarentzat”. Jardunaldien azken zatian, Graham Smith-en gogoetak entzuteko abagunea izan da. Smith Politikako katedraduna eta Erresuma Batuko Westminsterreko Unibertsitateko Demokrazia Ikasteko Zentroko zuzendaria da, eta bere arduren artean, Knowledge Network on Climate Assemblies (Klima Batzarren Ezagutza Sarea) dago. Gainera, Demokrazia eta Garapen Iraunkorrerako Fundazioko lehendakaria ere bada, eta hitzorduan nabarmendu du: “Prozesu horietako gehienak behin gertatzen dira eta ez dira errepikatzen, baina Europako hiri batzuk batzar iraunkorrak sortzen ari dira, herritarren batzarrak instituzionalizatzen, eta hori liluragarria da”.
Gipuzkoako Herritarren Batzarra
Nazioarte mailan ikuspegi berritzailea garatzen ari dela erakutsi digute nazioarteko adituek, mundu mailan hedatzen ari den “deliberazio olatuaren” adierazle diren Herritarren Batzarrak gurean aurkeztuta. Hain zuzen ere, egun, gizarte erronkei erantzuteko herritarren eta erakunde publikoen arteko lankidetza modu berriak beharrezkoak direlako ustetik abiatuta, esperientzia ezberdinak abiatu dira lurraldean. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab eta TMeLab Gizarte Berrikuntza laborategiaren arteko lankidetzaren bitartez, landa eremuaren babesa eta klima larrialdia uztartuko dituen Herritarren Batzarra sustatu du, klima larrialdiari aurre egiteko nekazal jarduerak izan behar duen papera balioan jarrita. Gaur-gaurkoz, Herritarren Batzarra diseinu fasean dago, eta asmoa da prozesua 2022ko amaieran eta 2023ko hasieran inplementatzea. Bestetik, Gipuzkoako egitasmoarekin batera, Arantzazulab-ek, Tolosako Udalarekin eta ELGA erakundearekin batera, Tolosan beste Herritarren Batzarra abiatu du. Bai Gipuzkoako bai Tolosako esperientziak garatzearekin batera, Arantzazulab-en xedea da gurean prozesu hauen inguruko ezagutza garatzea eta deliberazio prozesuak instituzionalizatzeko aukerak aztertzea. Hurrengo egunetan tokiko zein nazioarteko hainbat eragilerekin batera demokrazia deliberatiboa instituzionalizatzeko ikasketa eta gogoeta saioak antolatuko dituzte. Lanketa horri buruz partekatuko dugu informazio gehiago hurrengo egunetan.
Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusia jardunaldien itxieran Gipuzkoan abiatu diren esperientziez mintzatu da, eta horri begira Miramar Jauregiko hitzorduak ekarpen “garrantzitsua” egingo diola dio. “Herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugu, gobernantza inklusiboagoa sustatuz, eta herritarrei paper protagonista emanez erabaki publiko batzuk hartzerako orduan. Beraz, deliberazio publiko ordezkatzailea tresna bat da, beste hainbaten artean, lankidetzazko gobernantza horretan sakontzeko. Gaur gurean izan diren adituengandik ikastea eta hauek gure herrian abiatu ditugun prozesuetan bidelagun izatea garrantzitsua da ezagutza geureganatzeko, tokiko gaitasunak garatzeko eta lehen esperientzia hauek hedatzeko zein instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko”, nabarmendu du Goiak.