Ekosistemaren egitura finantzatzeko deialdi berritzailea aurkeztu da ko-sorkuntzaren eragileen azken lansaioan

Arantzaulab_Finantzaketa

Ko-sorkuntza ekosistemako eragileak elkartu berri dira Arantzazulab-en, ekosistemaren hurrengo urratsak emateko. Gaur bertan egin den topaketak, honako helburu hauek izan ditu:

  1. Ekosistemaren egitura finantzatzeko deialdia aurkeztea.  
  2. Nazioarteko inspirazio-eredua ezagutzea.
  3. Ko-sorkuntza esperimentuak nola doazen entzutea eta horiei buruz hausnarketa egitea.

Egindako lansaioa ekosistemaren bosgarrena izan da euskal 30 eragilek elkarlanean parte hartzen ari direnetik duela urtebetetik hona. Honela, nazioarteko inspirazio eredu baten aurkezpenak eman dio hasiera gaurko topaketari. Nick Kimber estrategia eta diseinu zuzendaria Camden Council udal gobernuan (Londresko auzoa) izan da gonbidatu berezia, eta erakunde publikoan gobernantza eredua berritzeko duten estrategia eta  garatzen ari diren hainbat egitasmo aurkeztu ditu (hala nola, misioen ikuspegia praktikan nola ezarri duten, herritarrekin eta eragileekin lan egiteko espazio ezberdinak, herritarren batzarrak edo deliberazio espazioak…). “Gure udalean lidergo politikoa eta herritarrekin harreman eredua aldatzeko benetako konpromisoa gakoak izan dira, baita egiteko modu berriak ezartzeko ausardia ere”, adierazi du Nick Kimberrek bere aurkezpenean.

Urriaren 24tik azaroaren 11ra

Ondoren, Arantzazulab-ek sustatu dituen ko-sorkuntza esperimentuak nola garatzen ari diren aurkeztu dute ekimeneko eragileek. Abian diren Ko-sorkuntza esperimentuen azken aurkezpenak abenduaren 13an izango dira Arantzazulaben. Bi aurkezpenen ostean, gaurko saioan ko-sorkuntza ekosistema mantentzeko eta iraunarazteko finantzazio-eredu berriaren proposamenak hartu du lekua. Arantzazulab-ek, berrikuntza sareak edo ekosistemak indartzeko, kide ezberdinen artean garatzen den ezagutza biderkatzeko, ekosistemaren inpaktua areagotzeko, zein kideen artean ekosistema beraren lidergo eta ardura partekatua eraikitzen lagundu dezakeen eredu berritzailea aurkeztu die kideei.

Finantzaketaren eredua berritzailetzat jo daiteke, izan ere, “proiektu isolatuak finantzatzetik, ekosistemaren egitura finantzatzera igaro nahi da. Eta hori egin ahal izateko, kapital inkremental eta progresistatik,  kapital eraldatzailera nola igaro esploratu beharko dugu; Halaber, koordinazio-logikatik, koherentzia-logikara eraldaketa egin beharko dugu, xedea izanik lanean ari direnen artean botere kolektiboa garatzea”, azaldu du Ione Ardaiz Arantzazulab-eko gizarte berrikuntza proiektuen arduradunak.

Deialdia urriaren 24an zabalduko da, eta izena emateko epea azaroaren 11n bukatuko da. Ekosistemaren hurrengo mugarriak gogoraraziz eta partaideei eskerrak emanez amaitu dugu eguna. Datorren astelehenean gaur aurkeztutako deialdia irekiko da, eta hortaz, jarrai itzazu Arantzazulab-en komunikazio kanalak xehetasun gehiagorako.