Finlandiara bidaia: Ondorio nagusiak eta etorkizuneko aukerak

Arantzaulab_Finlandia

Irailaren 26tik eta 29ra bitartean Finlandian izan ziren Arantzazulab-eko bi kide: Naiara Goia zuzendari nagusia, eta Ione Ardaiz gizarte berrikuntzako proiektuen zuzendaria. Gobernantzaren Berrikuntzan ari diren erakunde eta eragileekin konektatu eta ezagutza berria garatzeko estrategiaren baitan kokatzen da misio bidaia hau. Bidaiaren helburuen artean Finlandiar gobernuarekin zein beste erakunde publikoekin, tokiko think-tankekin, gizarte berrikuntza laborategiekin ikasketak jaso eta partekatzea, eta lankidetzarako aukerak esploratzea izan ziren. Eragile sare zabalarekin elkartzeko aukera izan genuen:  Finlandiako Gobernua (Finantza Ministerioa, Barne Ministerioa), Gobernuko gizarte berrikuntza eta zerbitzuen diseinuko eragileak: Inland Design, Kela; Helsinkiko Udala: Helsingin kaupunki – Helsingfors stad – City of Helsinki; eta hainbat berrikuntza laborategi: Sitra, Demos Helsinki & Untitled. 

Bidaia interesgarria bezain inspiragarria izan da.  Lankidetzazko Gobernantza sustatzen duten gobernu estrategiak eta tokiko esperientziak ezagutu ditugu, baita demokraziaren berrikuntzan ari diren eragile eta egitasmo ezberdinak ere. Gainera, Berrikuntza Ekosistemen inguruan hausnartzeko aukera izan dugu gizarte berrikuntzako eragile ezberdinekin, eraldaketa sistemikorako eredu bezala.  

Bidaiaren konklusio orokorrei dagokionez, gobernantzaren berrikuntzaz ari garenean, gurean ditugun erronka eta galdera antzekoak dituztela ondorioztatu dugu; Finlandian ikerketan eta hausnarketan fokua jarria dutela ikusi da (hainbat hausnarketa gune, azterlan, think-tank eta antzekoak dituzte abian). Gainera, gobernantzaren berrikuntzan antzeko tresnak eta  hurbilpenak jorratzen ari garela ikusi dugu Finlandiako erakunde eta eragile ezberdinekin: misio-hurbilpena, aurre hartzeko gobernantza, ko-sorkuntza eta deliberazio partekatuko espazioak, demokrazia digitala eta teknologiaren eragina gobernantza, eta abar.  Esperimentazioko praktikei dagokionez, ekimen batzuk atzeman ditugu, baina ez dugu eskala-handiko edo irismen zabaleko gobernantzaren berrikuntzako egitasmo oso aurreraturik identifikatu. Bidaiaren konklusio laburrak eta eragile bakoitzetik jasotako inspirazio ideia batzuk jaso ditugu ondorengo txostenean (ingelesez).

Gainera, aurrera begira lankidetzarako aukerak aztertu ditugu eta eragile ezberdinekin ezarri da interesekoak diren esparruetan jarraitzeko bide-orri bat landu dugu.  

Ikasketa bidaia honen marko bezala, herri bezala gure eskalarako interesgarriak izan daitezkeen nazio txiki eta aurreratuetan jarri dugu fokoa (Finlandia, Estonia, Eskozia, Irlanda, Costa Rica eta antzeko herrialdeekin sarea osatzeko hain zuzen ere). Horrela, nazio txikien arteko aliantza bat sortzeak izan dezakeen interesa ere partekatu genuen finlandiar eragileekin.