Zozketa zibiko bidez aukeratutako 32 tolosarrek Tolosako Herritarren Batzarraren lehen deliberazio-saioa egin dute
Urriaren 22an eman zaio hasiera Tolosako lehen Herritar Batzarrari. 32 tolosar dira prozesu aitzindari honen protagonista, eta gizarte tolosarraren osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko gomendioak landuko dituzte.
Saioari hasiera emateko, Tolosa Udaleko eta Arantzazulab-eko ordezkariek egunaren sarrera egin zuten. Olatz Peon Tolosako alkateak ongietorria eman eta prozesu berritzaile zein aitzindariaren garrantzia azpimarratu zuen. Alderdi politiko guztien babesarekin abian jarritako prozesua da, eta bertan hitza hartu zuten Joseba Ormazabalek, Andu Martinez de Rituertok eta Josemari Villanuevak. Hiruen hitz hartzeetan xehetu zituzten egitasmoaren helburuak, landuko den gaia eta prozesuaren aukerak. Hau da Tolosako Herritarren Batzarraren abiapuntuko galdera: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?
Ondoren, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak Herritar Batzarren ikuspegia eta horien ezaugarri gakoak deskribatu zituen. Sarrerarekin amaitzeko, Ione Ardaiz Arantzazulab-eko Gizarte Berrikuntza proiektuen arduradunak eta Gari Lekuona Tolosa Udaleko parte-hartze teknikariak egitasmoa inplementatze aldera sortutako talde zein Batzordeak azaldu zituzten. Egunean zehar landutako dinamiketan Batzarreko kideek elkar ezagutzeko eta Tolosako Udalak proposatutako galderari buruzko lehen gogoeta egiteko aukera izan zuten.
Bazkal ostean, lehen aditu zein arituen lau aurkezpen entzun zituzten herritarrek eta horiei buruzko galderak egiteko tartea izan zuten. Izan ere, deliberazio prozesu hauen gakoetako bat da herritarrek deliberazio informatua izaten dutela, gomendioak egin ahal izateko beharrezko irizpidea izateko; horrela, askotariko adituen partetik gaiaren inguruko datuak eta informazioa jasotzen dute, eta ikuspuntu ezberdinak jasotzen dituztela bermatzen da. Tolosako Udalak proposatutako galderak bi ideia gako jasotzen ditu: zer – osasun eta ongizate emozionala eta nola-lankidetza publiko-komunitarioa. Bi puntu horien hasierako markoa aurkeztu zuten lau hizlariek.
Lehenik, osasunaren eta ongizate emozionalaren marko orokorra aurkeztu zuten Ainara Aranberrik (EHU-ko Psikologia Fakultateko irakaslea eta Haur eta nerabeen erregulazio emozionalean aditua) eta Iñaki Izquierdok (Izan Fundazioan Sustraiak komunitate terapeutikoko zuzendaria eta talde terapian zein terapia sistemikoan aditua).
Saioa amaitzeko, lankidetza publiko-komunitarioaren marko orokorra azaldu zuten Eva Salaberriak (Donostiako udaleko teknikaria da. Donostia Lagunkoia Hiri Planaren arduraduna, baita Lurraldeko Ekintza Komunitarioa sustatzeko lantaldearen kidea) eta Sorkunde Jakak (Donostiako Udaleko Osasun Sustapeneko zerbitzuko teknikaria eta erizaina). Lankidetza publiko-komunitarioa osasunaren esparruan praktikan jartzeko hainbat modu partekatu zituzten biek.
Aurkezpenen bideoak eta hizlariek erabilitako euskarriak ikusi ditzakezue egitasmoaren web-orrian.
Hurrengo deliberazio-saioa azaroaren 4an izango da. Ondorengo lau hizlariek bere ezagutza-esparrua konektatutako dute Tolosako Herritarren Batzarreko galderarekin, xede izanik partaideek ezagutzan sakontzea eta deliberazioa aberastea:
- Bakardadea – Fernando Fantova
- Feminismoa – Pepa Bojó
- Haur eta gazteak – Amaia Uriarte
- Zahartzaroa – Martin Zuñiga