Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteetan egindako lanen berri eman dio Herritarren Batzarrari

Gipuzkoako Herritarren Batzarraren itzultze-saioa izan da gaur, eta herritarrek proposatutako 9 gomendioak ezartzeko aurrerapenak aurkeztu dituzte Aldundiko ordezkariek. 

‘Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?’. Galderari erantzuteko sustatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntzarako laborategia eta Telesforo Monzon herrigintzak laborategiak deliberazio prozesu berritzailea, Gipuzkoako Herritarren Batzarra.

Hartutako konpromisoaren arabera Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Gipuzkoako Herritarren Batzarra osatzen duten herritarrekin batu dira, Foru jauregian, gaur azaroak 15 asteazkena arratsaldeko 18.00etan hasiera izan duen ekitaldian. Saioaren helburua izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partetik batzarkideen gomendioak ezartzeko egindako bidea aurkeztea. 

Eider Mendoza Diputatu Nagusiak ireki du ekitaldia, eta prozesu honen garrantzia berretsiz hasi du bere hitzartzea. Izan ere herritarra politika publiko batzuetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako erronkari lotutako erabaki publikoetan herritarren ahotsa aintzat hartuz. “Guk ekimen honi ematen diogun garrantziaz jakitun zarete. Asko ikasi dugu eta jarraipena eman nahi diogu. Herritarrek horrelako prozesu batean parte hartzen dutenean egindako ekarpen maila handia da”, adierazi du Eider Mendoza Diputatu Nagusiak.

Jarraian herritarrek egindako bederatzi gomendioei lotuta egindako lanak aurkeztu dituzte Lurralde Oreka Berdea Departamenduko arduradun politikoek. Gomendioen artean Lehen sektorea estrategiko bihurtzea, tokiko produktuak sustatzea hobari fiskalak egokituz, edo basoen kudeaketa I+G bitartez sustatzea bezalako proposamenak izan ziren batzarkideek deliberazio prozesu sakonaren ostean egindako proposamenak. (Ikusi gomendioa zerrenda).

9 gomendioei erantzuna eta lehen erreakzioak 

Hasteko, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eman ditu azalpenak, eta jarraian Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari nagusiak, Arantxa Ariztimuñok, ere hartu du hitza. Gomendio gehienak inplementatzeko lanak abiatutako dituztela adierazi dute; egindako aurrerapen nagusienen artean aipagarriak dira adibidez, lehen sektorea estrategiko bihurtzeko “Lurralde Oreka Berdea” departamendu berri bat sortu izana, Gipuzkoako ekonomiaren garapena bultzatzeko eta inguru naturalak babestu eta zaintzeko helburuarekin; Gipuzkoan Oreka Berderako erreferentzia zentro bat bultzatzeko lanak ere hasi dituzte, bideragarritasun azterketa egingo duen kontsultora batekin; bestalde, eta lehen sektorea gaztetzeko neurriei dagokionez ere Gaztenek Berri-ren esperientzia pilotu bat eginda Mondragon Unibertsitatearekin; eta amaitzeko baserritar misto profesionala sustatzeko  diru-laguntza programa ezberdinak lantzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Itzultze-saioan herritarrei partekatu zaien dokumentua aurrerapen guztiekin hemen aurkitu daiteke.

“Lehen sektorea estrategikotzat hartzeko lehen urratsa Lurralde Oreka Berdea departamendua sortzea izan da. Hor ikusten da lehen sektoreari eman nahi diogun garrantzia. Gainera, baserritik-gizartera terminotan pentsatu behar dugu, baserriak gizarteari zer ematen dion, alegia”, nabarmendu du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak. Halaber, Arantxa Ariztimuño Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari nagusiak saioan azaldu du: “Aldundiak berak bultzatutako elikadura jasangarriaren inguruko misioak ezartzen du Gipuzkoak 2040an elikadura sistema jasangarri, osasungarri, irisgarri eta lehiakorra izango duela, eta tokiko ekoizpen gaitasuna maximizatuko duena”.

Aurkezpenaren ostean, batzarkideak talde txikitan bildu dira eta jasotako azalpenen inguruan gogoeta egin dute. Horrekin batera lehen erreakzioak, kezkak edo zalantzak helarazi dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei. Orohar herritarrak pozik agertu dira beraiek egindako gomendio gehienetan lanak abiatu direla ikusita.

Jarraian,  Gipuzkoako Herritarren Batzarraren sustatzaile izan diren bi laborategietako ordezkariek, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, eta Malen Dominguez TMeLab-ko kideak, gomendioen inplementazioari jarraipena emateko hurrengo urratsak aurkeztu dituzte. Modu berean, bi laborategiak berrikuntza demokratikoa helburu duten prozesu hauek gure herriko erakundeetan errepikatzeko eta egonkortzeko egiten ari diren lanak partekatu dituzte: Euskadiko Herritarren Batzarraren diseinua, prozesu hauen instituzionalizaziorako elkarrizketak erakunde nagusietan, kasu. Adierazi duten bezala “ez da nahikoa prozesu hauek behin egin eta amaitu ostean betiko praktiketara itzultzea; herritarrak erabaki publiko garrantzitsuetan benetan inplikatu nahi baditugu, horrelako prozesuak hedatu eta erakunde ezberdinetan modu periodikoan ezarri behar dira, eta horretan dihardugu”.

Saioa ixteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoek prozesuaren garrantzia azpimarratu dute eta batzarkideekin gomendioen ezarpenaren inguruan elkarrizketa jarraitua izateko interesa azaldu dute: horrela,  batzarkideei proposatu diete aurreikusita ez zegoen itzulpen saio bat egitea 2024ko maiatzean, orain arte aurreratu ezin izan diren ekintzak gauzatuko baitira hurrengo hilabeteetan, eta horien berri ematea proposatu dute prozesuaren hasieran 2024ko urrian aurreikusita zegoen itzultze-saioa baino lehen.

Aurrekariak: Gipuzkoako Herritarren Batzarraren ibilbidea

Gipuzkoako Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko egitasmoa da, bigarren Herritarren Batzarra gure lurraldean Arantzazulab-ek Tolosan sustatu duenarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telesforo Monzon Herrigintza laborategiak eta Arantzazulab-ek sustatu dute, Deliberativa aholkularitzaren bidelaguntzarekin. ELGA/OCDE erakundeak, zehaztutako praktika onen printzipioak oinarri hartuta, 2022ko azaroan abiatu zen Herritarren Batzarra. Ia urtebeteko diseinu lana eta gero, ausaz edo zozketa zibiko bidez aukeratuak izan ziren Gipuzkoako 32 herritar, lurraldeko aniztasuna ordezkatzeko irizpide ezberdinak kontuan hartuta (adina, generoa, hezkuntza-maila, hizkuntza ezagutza, bizitokia eta tokiko produktuei ematen zieten garrantzia). 

Aukeratutako 32 herritarrek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu zuten 2022ko azaroa eta 2023ko urtarrila bitartean lau asteburuetan elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako erronkari erantzun eta proposatutako galderari gomendioak egiteko. Prozesuan gaian adituak diren pertsonek ere parte hartu zuten, herritarrei beharrezko informazioa helarazteko. 

Prozesuaren emaitzak oso positiboak izan dira: deliberazio prozesu hauek lankidetzazko gobernantzan sakontzeko tresna bat eskaintzen dutela ikusi da,  herritarrak erabaki guneetarako gerturatuz, eta herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantza areagotzen lagunduz. Prozesu hau hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker gauzatu da : Sustatzaileak (Gipuzkoako Foru Aldundia, Arantzazulab, TMelab), Bidelaguntza aditua (Deliberativa, ELGA/ECDE), Prozesuaren erraztaileak (Aztiker, Artaziak), Prozesuaren kanpo ebaluatzaileak (UPV/EHU Parte-Hartuz ikerketa taldea). 

Bi egitasmo hauekin Arantzazulab-en azken helburua da demokrazia deliberatiboaren inguruko ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak sortzea eta euskal erakundeetan deliberazio prozesuak instituzionalizatzeko baldintzak sortzea; euskal erakundeetan herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko deliberazio tresna hau modu egonkorrean txertatuz.