Gipuzkoako Herritarren Batzarra ere martxan, Arantzazulab-ek sustatzen duen mota honetako bigarrena
Gaur abiatu da Gipuzkoako Herritarren Batzarra, Arantzazulab-ek sustatzen duen bigarren Herritar Batzarra, Tolosakoa martxan jarri ondoren. Deliberazio-prozesu aitzindari eta berritzaile honek lurraldeko herritarrak inplikatuko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab-ekin eta Telesforo Monzon eLab laborategiarekin elkarlanean sustatuta, zozketa zibikoaren bidez aukeratutako 32 gipuzkoar parte hartzera deituak izango dira.
Ekimenak, herritarrak landa-eremuko lehen sektorearen jardueran (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren kudeaketaz ari gara nagusiki hemen) eta klima-larrialdia bezalako gai publiko garrantzitsuen gaineko deliberazioan parte hartzera gonbidatzea du helburu. Herritarren Batzarrean parte hartuko duten 32 herritarrak gaiari buruz ikasiko dute askotariko aditu zein arituak entzunez; eta jasotako informazioa ardatz hartuta deliberatuko dute. Prozesuaren amaieran gomendio-kolektiboak aurkeztuko dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Azaroa eta urtarrila bitartean, guztira 4 asteburutan elkartuko dira herritarrak galdera honen inguruan deliberatzen: ‘Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?’
Gipuzkoako Herritarren Batzarrak Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien babesa du, eta honenbestez, Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du Batzarrak egindako gomendio bakoitzari idatziz eta epe zehatzetan erantzuteko. Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren hitzetan “Herritarren Batzar honek, Tolosako udalean abiatu dugunarekin batera, erakunde publikoek herritarrekin deliberazio partekatuko espazio bat eraikitzea ahalbidetzen du, elkarren arteko konfiantza areagotzeko harreman eredu berriei bide emanez. Prozesu hauekin, gure azken helburua ere bada demokrazia deliberatiboaren inguruan ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak eraikitzea, eta gure erakundeetan deliberazio tresna hau egonkortzeko eta instituzionalizatzeko baldintzak sortzea”.
Eider Mendoza Gobernantzako Foru diputatuak adierazi du “Herritarren Batzar hau Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz markoan kokatzen da, eta lankidetzazko gobernantza sustatzeko estrategia indartzera dator. Gipuzkoako Landa-eremuko lehen-sektorearen garapena, eta klima-larrialdiari zein bere eraginei aurre egitea gizartearekin elkarlanean landu beharreko erronka konplexua da. Halaber, eragileen arteko koordinazio eta antolaketa-modu berriak eskatzen ditu. Beraz Gipuzkoako Herritarren Batzar honek lankidetzazko gobernantza sendotzeko gure apustu irmoarekin bat egiten du, gipuzkoar herritarrak modu esanguratsuan inplikatzeko aukera irekitzen duelako gure lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publikoetan”.
Ausaz aukeratutako Gipuzkoako hainbat herritarrek gonbidapen gutuna jasoko dute hurrengo asteetan
Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hatuko duten herritarrak zozketa zibikoaren bidez hautatuak izango dira. Zozketarekin bilatzen den helburua da Batzarreko kide izango diren herritarrek Gipuzkoako aniztasuna eta biztanleria ondo islatzea da. Horretarako, lehen fase batean Foru katastroko etxe guztien artean 15.000 helbide hautatzeko zozketa egin du Aldundiak eta gutun bat bidaliko da etxe horietara, prozesuan parte hartzeko gonbidapenarekin.
Gutuna jasotzen duten 16 urtetik gorako edozein pertsonak du Herritarren Batzarrean izena emateko aukera. Gutuna jaso eta boluntario gisa Batzarrean parte hartzeko izena ematen duten pertsona guztien artean bigarren zozketa bat egingo da, ondorengo irizpide hauek kontuan hartuta: sexua, adina, hezkuntza maila, hizkuntza, kokapen geografikoa eta gaiarekiko jarrera. Horrela, Herritarren Batzarrean parte hartzen duten 32 pertsonez osatutako taldea eratuko da. Parte-hartzeko ez da beharrezkoa gaian aditua izatea, ezta gaiari dagokion ezagutza berezirik izatea ere, bileretan zehar erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazioa emango baitzaie parte-hartzaileei. Hain zuzen ere, prozesu hauek bilatzen dutena da, Gipuzkoako bizilagun gisa herritarrek eman dezaketen ikuspegia eta esperientzia jasotzea.
Eta nola antolatzen dira Herritarren Batzarrak? Behean agertzen den grafikoan irudikatzen dira egitasmoa sustatzeko aktibatzen diren taldeak eta batzordeak. Zehazki, Gipuzkoako Herritarren Batzarra inplementatzeko hiru batzorde sortu dira: Talde Motorra (Gipuzkoako Foru Aldundiko, Arantzazulab-eko, TMelab-eko eta Deliberativa-ko ordezkariez osatua), Jarraipen Batzordea (zeinetan alderdi politikoetako ordezkariak eta interes talde gehienek parte hartzen duten), eta Edukien Batzordea (non gaian adituek askotariko ezagutza identifikatu eta partekatzen duten).
- Informazio gehiago egitasmoaren web orrian.