Abian da Tolosan aitzindaritzat jo duten Herritarren Batzarra

Arantzazulab_Tolosa_Prozesua

Abian da Tolosako Herritarren Batzarra. Hilabete askotako lanaren ostean, Tolosako Udalak irailaren 16an eman dio hasiera deliberazio prozesu berritzaile honi.   Zozketa bidez aukeratutako 32 tolosar parte hartzera deituak izango dira, eta herritarrek galdera honi erantzun beharko diote: ‘Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?’

Lehenetsitako gaia, Tolosak udalerri gisa duen “erronka sozial kolektiboetako bat” izateaz gain, adostasunaren isla ere bada. Izan ere, Herritarren Batzarrak Tolosako Udaleko ordezkari politiko guztien babesa du, eta horixe da prozesu “aitzindari” honen bereizgarrietako bat.  Herritarrei zuzendutako prentsa agerraldian Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak azpimarratu du: “Tolosako prozesuak lankidetzazko gobernantzan sakontzeko aukera ematen digu, erakunde publiko eta gizarte zibilaren arteko harreman eredu berriei bide emanez. Herritarrekin deliberazio partekatuko espazio bat eraikitzeak, gure etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publiko batzuetan herritarrei paper protagonista emateaz gain, herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantza handitzen ere laguntzen du”. Ildo horretatik, Goiak zera gaineratu du: “Tolosako egitasmoarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen beste Herritarren Batzar bat abiatu dugu, hain zuzen ere, demokrazia deliberatiboko prozesuen inguruan ezagutza garatzeko, tokiko gaitasunak eraikitzeko eta gure erakundeetan deliberazio tresna hau instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko”.

Berritzailea eta konplexua

Herritarren Batzarra abiarazteko hainbat hilabetez lan egin dute prozesuaren diseinuan Tolosako Udalak eta Arantzazulab-ek, ELGA-ren bidelaguntzarekin (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea). 2021eko bukaeran bi erakundeek lankidetza hitzarmena sinatu zuten eta, harrezkeroztik, hainbat formazio– eta lan-saio burutu dituzte herritarrei batzarra aurkeztu aurretik. Prozesu berritzailea ez ezik, konplexua ere bada, hainbat jarraibide aintzat hartuta, egin beharrekoa (parte hartuko duten herritarren zozketa zibikoa, batzorde zehatzen eraketa, gaia aurkeztuko duten adituen aukeraketa, komunikazioa, eta abar). Lansaio horietako baten erakusgarri, Topic zentroan (Tolosa) iragan ekainean egin zena da, Claudia Chwalisz eta Ieva Česnulaitytė adituek gidatuta, deliberazio egitasmoak instituzionalizatzeko aukerak aztergai izan zituena. Gainera, mundu mailako eredu insparagarriak ere ezagutzera eman ziren bi eguneko jardunaldi horietan. 

Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, Herritarren Batzarraren helburua da “herritarrak gai eta erronka publiko garrantzitsu baten eztabaidan inplikatzea eta udal honek konpromisoa hartzen du gomendio horiei jarraipena egin eta horiei erantzuteko”. Prozesuaren inguruko ezagutzan sakondu eta faseak ezagutu nahi badituzu, ikusi ondorengo albistea.