Nola erabili sormena helburuetara iristeko

Arantzazulab_Galdera-Ikurrak-02_D
  • Arantzazulab-en egitasmoa: Ko-sorkuntza ekosistema
  • Blog postaren xedea: Galdera Ikurrak ko-sorkuntza esperimentuaren ikasketak eta galderak partekatzea
  • Egileak: Farapi eta Medialab Tabakalera

 

Galdera Ikurrak proiektuaren bitartez nerabeei sormenera gerturatzeko baliabideak eskaini nahi dizkiegu materiala zein bidelagun figurak beraien esku jarrita. Laguntza hori -arautu gabeko pedagogiatik jorratzen ari gara, izan ere, landu nahi den eremura iristeko bidea pedagogia da, helburuak erdiesteko giltzarri duguna.

Pedagogia egitearen erronketako bat da, besteak beste, nerabezaroaren bide erdian dauden gazteak motibatzea eta dituzten dohainak garatzea. Hau guztia lortzeko lagungarri izango zaizkigun bitartekoak eta tresnak identifikatzea garrantzitsua  da. Jean-Luc Godard zinemagileari bere obraren esanahiaren inguruan galdetzen zitzaionean berak zera zioen: “Nik ez dut ezer adierazi nahi izan, soilik beste batekin komunikatu”. Aipu hau Galdera Ikurrak proiektura ekarrita, Farapik eta Medialab Tabakalerak gazteekin komunikatzeko aukera izan dugu, ongizatearen inguruan hausnartu, beraien testigantzak jaso eta argi adierazten lagundu. Era honetan, gure artean nahiz besteekin eman den komunikazioa gizarteak gai sozial baten aurrean erakusten duen inplikazioaren isla izan da, funtsean, ideia baten inguruan posizionatzea dakarrelako. Honenbestez, ez gara mezua izan, ezta mezularia ere; baizik eta, mezua azalaraztea ahalbidetu duen tresna.

Kontuan eduki behar den gauzetako bat adina da. Garrantzitsua da nerabeen estetika- eta bizi-erreferenteak zeintzuk izan daitezkeen ezagutzea eta horren inguruan ahalik eta eguneratuen egotea. Izan ere, beraien hizkuntza imitatzen duten erregistro horietara guztietara egokitzen baita. Bestela, nerabeak beraien adierazteko eran, zer esan nahi duten deskodetze horretan galdu egingo gara. Zein abesti entzutea gustatzen zaion eta abesti horren mezua zein den jakiteak bizi duen une emozionalaren aztarna eman diezaguke; eta hori lanketaren abiapuntua izan daiteke, zehazki, horretan sakonduz, baita gaia birzuzenduz ere, erreferentziako abesti horretara itzuliz galtzen bagara.

Kulturak irudien bitartez komunikatzeko -adierazteko zein irakurtzeko- gaitasuna eman digu Historiaurretik Aro Garaikideraino. Aldiz, hitza mugatzailea izan daiteke, elkarrekin komunikatu nahi diren igorlearen nahiz hartzailearen kanala oztopatuz (adibidez, biak hizkuntza berean komunikatzen ez badira). Irudiak errealitatea baino errepresentazio zabalagoa du, eta hizkuntza den heinean, jakin badakigu komunikatzeko gaitasuna berezkoa  duela. Horregatik, proiektu hau irudiaren bidez garatu da, eta landu beharreko gaiaren erraietatik ez ateratzeko euskarri gisa baliatu da.

 

 

Horri lotua aipa dezakegu Dixit mahai jokoa, ongizateari buruz hausnartzeko erabili duguna. Dixit esanahi ezberdina izan ditzakeen ilustratutako kartak dituen mahai jokoa da. Gazteen kezken eta interesei buruz hitz egiteko, aurretik prestatutako zenbait esaldi nerabeei helarazi genizkien, adibidez: gozatu, norbait faltan bota, norbere burua maitatzea… Esaldi horiek oinarri hartuta, mahai jokoaren karta-irudi bat aukeratu behar izan zuten eta besteek karta horrek pertsonarentzat zuen esanahia asmatu behar zuten. Esaldi bat, hitz bat edo abesti bat jolasaren abiapuntu izan daiteke. Konfiantza-talde batean emozioak eta gatazkak kudeatzeko aproposa izan daiteke, hitz berari lotutako esanahiak anitzak izan daitezkeela agerian uzten duelako, eta ondorioz, bakoitzaren ñabarduretan sakontzeko aukera ematen du.

Farapik eta Medialab Tabakalerak haur, gazte, heldu, atzerritar, euskaldun eta dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lan egiten dute, hots, pertsona guztiekin. Medialabek, sorkuntza prozesuak sustatzen esperientzia duena, dio ezagutzen diren erremintak erabiltzean (guraizeak, kola, arkatza…), eta horiekin zer egin jakiten denean (moztu, itsasi, marraztu eta abar), adierazpen grafikoak garrantzia hartzen du sormen prozesuan.

Adierazpen-teknika guztiek kontzeptuak zabaltzeko gaitasuna dute. Baina lehenago aipatu dugun moduan, tresna menderatzen ez denean, ezta teknika ere, mezua eten egiten da (esperimentazioan birsortzen diren eta helbururik behar ez duten teknikak izan ezik). Honen isla dira bideo-jokoen bitartez ongizatearen gaia landu nahi izan zuten gazteak. Bideo-jokoetan jolastea atsegin zuten baina ez dakite horietako bat sortzeko zer lan egin behar den. Programazio-lengoaia ezagutzen ez denean, adierazpen-baliabideak galdu egiten dira. Ordea, Fanzine bat egitea nahiago izan duenari ez zaio horrelakorik gertatzen lehenago aipatutako guztia dela eta. Azken honek adierazpen erraztasun handiagoa erakutsi du.

Azkenean, nor ez da errekorteetara jolastu noizbait? Erraza da;  aukeraketa egin – moztu – hausnartu – itsasi.  Collage bat egiterakoan aukeratzen diren irudiek bere horretan, esanahi itxi eta indartsua dute. Baina mozterakoan figura-hondoaren harremana hautsi egiten da, testuinguru gabe geratzen dira. Beste irudi batekin elkartzean, biek esanahi semantiko ezberdin batetaz betetzen dira, eta narrazio berri bat sortzen da hitzen hizkuntza iristen ez den zirrikituaren hutsunea betez.

Halaber, koma, puntu edo parentesiaren bitartez idazleak testuaren erritmoa adierazi dezakeen bezala, artean eskua mugitzean aztarna bat uzten du, eta hori espresio elementutzat joko da. Beste adibide bat bideo sorkuntzan ikus dezakegu. Kamera eskuan edo tripode batean eutsita grabatzeko keinuak ez dio berdin eragiten jasotzen den irudiari. Musikaren hizkuntzari dagokionez, berau abstraktuagoa denez, narrazioa tempoaren bitartez bideratu daiteke, besteak beste. Beraz, elementu horiei guztiei erreparatuz  gazteak adierazi nahi dutenaz jabetu daitezke, eta inkontzienteki egiten diren keinuak badira ere, irakurri daitezkeela ere jakin behar da.

Adierazpen grafikoek lehenengo pertsonaren atzean babesteko aukera ematen dute. Lagunekin tiktok bitartez adierazi eta mezuak bidali dezaketen bezala, zuzendu nahi diren erakundearen aurrean beraien aurpegia aurkezteak eragozpen handiagoa eragiten die. Paperaren edo pantailaren atzean izkutatuta, haien mezuak helaraztea errazagoa zaie. Orduan, nerabeek nola adierazi dezakete beraien ikuspuntua? Zein dira beraien nahiak eta desioak?  Hauxe izan da Farapi eta Medialaben zereginetako bat gazteekin. Prozesuaren erregistroa egin da, bai bideoan baita argazkiaren eta soinu grabazioaren bitartez ere.

Komenigarria da ulertzea, helburuak ez direla soilik ukigarri eta kuantifikatu ditzakegun emaitzak. Esperientzia deskribatzen duen testu batek ere balio handia izan dezake, hala-nola, helburuak aurretik jorratu ez diren ihes-lerroak direnean, eta horietara iristeko modu berriak formulatzen saiatzen ari garen bitartean.