Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia gisa kontsolidatu da Arantzazulab bere lehen urtean

Arantzazulab_Lehen_Urtemuga_02

Inauguratu eta urtebetera, Arantzazulab, Gobernantzan erreferentzia zentro den Gizarte Berrikuntza Laborategia bisitatu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Arantzazulab-eko sustatzaile diren Fundazio buruek (Gipuzkoako Foru Aldundia, MONDRAGON Korporazioa, Kutxa Fundazioa, Oñatiko Udala eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintzia) laborategiaren lehen urteko balantze bilera izan dute Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiarekin batera, Arantzazulab-en egoitzan, Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati).

Lehen urtean programa kontsolidatu da eta laborategiari oinarri sendoa ezarri zaiola adierazi dute bertaratutako guztiek. Gainera, estrategiaren fokoa zehaztu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan Arantzazulab Gobernantzan erreferentzia zentro bezala kokatzeak, gobernantzaren berrikuntzaren esparruan ardaztera eraman du laborategiaren jarduna. Izaera horrek bereizgarritasuna eman dio laborategiari, bertan zein nazioartean arreta piztuz. Horri lotuta, misio argi bat du Arantzazulab-ek: Lankidetzazko Gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena.

Urtemuga medio, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du lehen hamabi hilabete hauetan proiektua “guztiz kontsolidatu” dela eta laborategiari “oinarri sendoa” ezarri zaiola. “Askotan diogu gauzak egiteko modua aldatu behar dela, herritarrengana hurbiltzeko politika publikoak egiteko moduak aldatu behar duela, eta eredu berri baten alde egiten dugula, gobernantza irekia eta elkarlanekoa. Bada, eredu hori bera ez da zerbait estatikoa, eta munduan eta gizartean ematen diren aldaketen aurrean egokitzen jakin behar du. Horregatik dugu ezinbestekoa Arantzazulab zentroak sustatzen duen berrikuntza ariketa”, esan du. Era berean, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak zera nabarmendu du: “Pozik gaude lehen urteak eman duenarekin eta egindako lanarekin. Anbizio handiko programa abiatu da eta laborategiari oinarri sendoa ezarri diogu. Orain horri jarraipena eman behar diogu, guk proposatzen dugun egiteko moduekin eta bertako zein nazioarteko eragileekin lankidetzan”.

Laborategia adostasun zabaletik abiatu zen, baita egitasmoaren inguruan erreferentziako eragileen lankidetzarako prestutasunetik ere. Egun, laborategiaren gobernantza egituran 12 eragile erreferentek parte hartzen dute, bere Zuzendaritza batzordean (Fundazio buruak) eta Aholku batzordean (Eusko Ikaskuntza, Agirre Lehendakaria Center, Telesforo Monzon eLab, Arantzazuko Adiskideak Elkartea, eta hiru unibertsitateak (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea). Hiru ildo nagusietan ekimen esanguratsuak abian jarri ditu lehen urtean laborategiak: Ikerketa, Esperimentazioa eta Dibulgazioa. Horietan guztietan berrikuntza eta egiteko modu berriak txertatu ditu bertako zein nazioarteko eragile askorekin lankidetzan.

Aipagarriak dira, Ikerketaren esparruan, aipatutako 3 unibertsitaterekin sinatutako lankidetza hitzarmena, ikerketa kooperazioan egiteko espazio berritzailea abiatuz, 40 ikerlari baino gehiagoren parte-hartzearekin egindako topaketa batekin. Bi ikerketa esparru lehenetsi dira: Demokrazia eta Lankidetzazko Gobernantza. Egun, hiru unibertsitateetako hainbat ikerlarik lanean dihardute.

Nazioartekotzean, nazioarteko sareetan posizionamendua landu da mundu mailako erakunde eta laborategiekin. Orotara, 86 eragile identifikatu dira, 20 eragile baino gehiagorekin kontaktua egin da , eta nazioarteko 8 erakunderekin egitasmo ezberdinetan lankidetza abiatu da: OCDE (EU), TACSI (Australia), La 27eRegion (Frantzia), The GovLab (EEBB), VID unibertsitatea (Norbegia), Heilderberg eta Trier unibertsitateak (Alemania), McGill Unibertsitatea (Kanada), besteren artean. Gainera, nazioarteko ikerlari batekin Fellowship programa bat ere abiatu da, Arantzazulab-en esparruan adituak diren nazioarteko ikerlariak eta profesionalak erakarriz.

Esperimentazioaren alorrean, modu berritzailean eta ikuspegi eraldatzailearekin esperimentatzeko ekimen esanguratsuak martxan jarri dira. Batetik, Lankidetzazko Gobernantza herritarrekin praktikan jartzeko, esperimentazioko bi proiektu sendo abiatu dira (udal mailan zein lurralde mailan demokrazia deliberatiboarekin esperimentatzeko; aipagarriak dira Tolosako udalarekin zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiatutako lankidetzak), hainbat eragile aktibatuz. Bestetik, Euskal Herriko ko-sorkuntza ekosistema abiatu dugu Arantzazulab-en, ikaskuntzarako, elkar-ekintzarako eta esperimentaziorako elkargunea, 20tik gora gizarte berrikuntzako  eragile Arantzazulab-en ekosistemara erakarriz eta 2 proiektu elkarlanean martxan jarriz (lehiaketa publiko baten irabazleak izan zirenak, 12 proposamen jaso ondoren).

Dibulgazioari dagokionez, Ikerketaren zein esperimentazioaren bidez garatutako ezagutza gizarteratzea du helburu ardatza honek. Gizarte erronken ulermenean sakontzeko, ezagutza berria zabaltzeko eta herritarrei helarazteko 18 foro eta kongresutan parte hartu du Arantzazulab-ek, eta Unibertsitate ezberdinetan 9 formakuntza programa eman ditu baita ere.

Gizarte Berrikuntzan katalizatzaile

Arantzazulab-ek, gizarte berrikuntzan zubigile eta katalizatzaile izateko rola du; gure herriko eta nazioarteko askotariko eragileekin konfiantzazko harremanak landu, sareak eraiki eta lankidetzak sustatu ditu: erakunde publikoekin, elkarteekin, antzeko laborategiekin, fundazioekin, gizarte eragileekin eta enpresekin, politika- eta herri-ekimenekin. Guztira, 165 eragile baino gehiagorekin kontaktua egin du,  85 eragilerekin konexioa egin du eta lankidetzan sakondu du, 7 batzordetan parte hartzen du eta 9 lankidetza hitzarmen sinatu ditu.

Gainera, Arantzazulab herritarren topagune izateko sortu zen, adostasun zabalen gune izateko, sentsibilitate eta ikuskera ezberdinak batzeko, zein gure herriko kultura politiko ezberdinekin lan egiteko. Horren harira, laborategiari aitortu dizkioten ekarpenen artean “Topagune Neutral izaera nabarmendu daiteke, izan ere, hainbat eragilek hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gune gisa definitu dute Arantzazulab lehen urteko ibiliaren ostean.

Eskuratu hemen 2021. urteko memoria.