Gipuzkoako Herritarren Batzarraren deliberazio-saioak amaitu dira Batzar Nagusietan gomendioen aurkezpenarekin

Arantzaulab_BatzarNagusiak_Proposamenak

Gipuzkoako Herritarren Batzarra, Tolosako Herritarren Batzarrarekin batera, Arantzazulab-ek sustatzen duen demokrazia deliberatiboko bigarren egitasmoa da. ELGA/OCDE-k zehaztutako praktika onen printzipioak oinarri hartuta, 2022ko azaroan abiatu zen herritarren batzarra, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telesforo Monzon eLab-ek eta Arantzazulab-ek sustatuta, Deliberativa aholkularitzaren laguntzarekin. Ia urtebeteko diseinu lana eta gero, 2022ko iraila eta urria bitartean ausaz edo zozketa zibiko bidez aukeratu ziren Gipuzkoako 32 herritar, lurraldeko aniztasuna ordezkatzeko irizpide ezberdinak kontutan hartuta (adina, generoa, hezkuntza-maila, hizkuntza ezagutza, bizitokia eta tokiko produktuei ematen zieten garrantzia kontuan hartuta).

Aukeratutako 32 herritarrek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu dute. Azaroa eta abendua bitartean lau asteburuetan elkartu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako erronkari erantzun eta proposatutako galderari gomendioak egiteko: Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?

Lehenengo saioetan batzarkideek aditu eta arituen aurkezpenak entzun dituzte, lehen sektorea eta klima larrialdiari buruz informazioa jasotzeko. Ondoren, tokiko erronkei erantzunak bilatzeko, deliberatu egin dute, eta azkenik, galderari erantzuteko gomendio-kolektiboak idatzi dituzte.

Urtarrilaren 14ko saioan Batzarkideek 9 gomendio hauek aurkeztu dizkiote, Eider Mendoza Gobernantza diputatua buru izan duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzari:

  1. Landa eremuko jabeei konpentsazio ekonomiko bat itzuli zerbitzu ekosistemikoetan dituzten ekarpen kopuruaren arabera eta gizarteari balio hauek zabaldu. 
  2. Baso gestioa sustatu I+D bitartez eta sektore estrategikoa bihurtuz.
  3. Lehen sektorea estrategiko bihurtzea, balorazio ekonomikotik ekosistemikora igaroz, tartean diren eragileen parte-hartzearen bidez.
  4. Gizartea haurtzarotik kontzientziatzea/sentsibilizatzea, nekazaritzaren eta klima-aldaketaren munduari dagokionez.
  5. Lehen sektorea gaztetzeko neurriak aztertzea.
  6. KM. 0 sustatzea 1. ekoizpen-fasetik.
  7. Nekazaritza ekologiko estrategikoa sustatzea, lehiakortasuna, produktibitatea eta merkaturatzea handitzeko erakunde bat sortuz/zabalduz.
  8. Tokiko produktua sustatzea, hobari fiskalak egokituz.
  9. Baserri misto profesionala sustatzea.

Gipuzkoako Herritarren Batzarra Batzar Nagusiak 04

 

Proposamen bakoitzaren babes-maila bozkatu da, eta gomendio guztiek, bat izan ezik (%78ko kontsentsuarekin onartua izan zen) %80ko babes maila gainditu dute.  Gomendio bakoitzaren inguruan azalpena jaso da: deskripzioa-zertan datza egindako proposamena eta justifikazioa-zergatik proposatu da. Egitasmoaren web-orrian eskuragarri izango da laster informazio guztia jasoko duen dokumentua.

Egindako lanketa idatziz aurkezteaz gain, larunbateko saioan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta erakunde sustatzaileetako ordezkariei bizitako esperientzia eta gomendioak azaldu dizkiete batzarkideek. Herritar taldearen izenean 9 pertsonek hartu dute hitza gomendio bakoitza azaltzeko, eta ondoren, 4 herritarrek bizitako esperientzia aurkeztu dute.

“Ikusten duzuenez, adin ezberdinetako taldea gara, klase ekonomiko eta sozial desberdinetakoak, eta Gipuzkoako leku desberdinetakoak. Eta oso harro nago talde honetako kide izateaz. Hau guztia egiteko gai izan gara”, batzarkidea

“Pozgarria izan da esperientzia. Bukaerara oso ondo iritsi gara. Ikasi dut gauza asko eta gehiago ikasteko gogoekin noa”, batzarkidea

Batzarra deitzean hartutako konpromisoari helduz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gomendio bakoitza idatziz erantzungo du; eta martxoaren 14an erantzunak aurkezteko ekitaldi publikoa izango da Foru Aldundian bertan. Saio horretan jasotako gomendio guztiei erantzuna emango die Gipuzkoako Foru Aldundiak: batetik, banan-banan azalduko dute udal ordezkariek zein gomendio ezarriko diren eta nola egingo duten; eta bestetik, gomendioren bat aurrera aterako ez bada, horren zergatiaren berri ere eman beharko dute. Prozesua ez da hor bukatuko, ordea; datozen hilabeteetan gomendioen inplementazioaren jarraipena egingo diote batzarkideek eta erakunde sustatzaileek. Beste bi mugarri aurreikusten dira datozen hilabeteetan, bata, udazkenean, eta bestea, hurrengo urte amaieran. Modu horretan prozesu honen eragin positiboa, herritarren ahalduntzea eta politika publikoetan inpaktua bermatu nahi da.

Datozen asteetan egitasmoaren ibilbidea kontatzen duen bideoa publikatuko dugu, eta bertan ikusi ahalko dira partaideen testigantzak, talde sustatzailearen ikasketak eta balorazioa, prozesuaren inplementazioan eta erraztean lan egin dutenen ahotsak. Ikus-entzunezko horrek aukera emango du esperientziaren xehetasunak eta barnetik bizitakoak ezagutzeko. Joango  gatzaizkizue honen berri ematen! 

Gipuzkoako Herritarren Batzarra Batzar Nagusiak 02